Serverscapes Erakusketa
ZER DA HODEIA?
Aurreikuspenen arabera, 2028an munduak laurehun zettabyte inguru sortuko ditu urtean. Zettabyte bat milioi bat petabyte dira. Espainian, 2025ean, laurogei mila petabytek baino gehiagok zirkulatu zuten banda zabal finkoan. Alegia, pandemiaren gailurrean Zoomeko bideo-dei guztiek urtebetean eratutakoaren pareko kopuru bat. Hodeia hazi egiten da, baina, batez ere, eraiki egiten da. Eta hodeiak pisua du, lekua betetzen du, eta, existitzeko, gure hiriak eta paisaiak eraldatzeko beharra du.
Serverscapesek eremu digitalaren alderdi fisikoa ikertzen du: hodeia egotea posible egiten duten arkitekturak, sistemak eta tokiak. Kable, satelite, energia-zentral eta datu-zentroz ehundutako lurralde bat. Atlantikoaren azpian, kable batek lotzen ditu Estatu Batuetako ekialdeko itsasertza eta Iberiar penintsulako iparraldea. Hala, itxuraz, datuen trafikoa ez da leku batean gertatzen, ez du mugarik. Baina fluxu ikusezin horrek badu euskarririk: azpiegitura periferikoz osatutako orkestra bat. Azpiegitura horiek oso neurri desberdinetakoak dira, eta, elkarrekin, ekonomia digitalari eusten diote.
Marrazki- eta maketa-erakusketa baten bidez, Serverscapesek galdeketa egiten dio hodeiari, Euskal Herriaren eta New Yorken artean kokatutako zenbait azpiegitura kritikoren bitartez, eta azpiegitura horiek domeinu berari dagozkion eta elkarri lotuta dauden entitatetzat hartuta. Proiektuak aukera ematen die bisitariei zera digitala –ikusezintzat eta konplexutzat dugun hori– ikusteko, eta objektu-multzo baten gisa hautemateko. Objektu horiek, forma, helburu eta kokaleku desberdinak eduki arren, ezinbestekoak dira datuen gizartean informazioa prozesatzeko.


Erakusketaren inaugurazioa dela-eta, azaroaren 5ean, 18:30ean, mahai-inguru bat egingo da, bi arkitektorekin: Luis Rojo, ETSAM eskolako Proiektu Arkitektonikoen katedraduna, eta Francesc Planas, B-Global Techeko zuzendaria eta ETSABeko irakasle elkartua. Moderatzailea Eduardo Cilleruelo Terán komisarioa izango da. Elkarrizketan, hizpide izango dituzte arkitekturaren eta hodeiari eusten dioten azpiegituren arteko distantzia, leku batek eraldatua izateko duen ahalmena, eta lurraldearen, eraikinaren eta energiaren arteko harremana.

Eduardo Cilleruelo Terán arkitektoa, ikertzailea eta irakaslea da. Assistant Professor of Architecture kargua dauka Texas Tech Universityko Huckabee College of Architecture delakoan. Bere lanaren bitartez, azpiegituraren eta datu-kudeaketaren arteko harremanak esploratzen ditu, baita harreman horiek arkitektura garaikidea pentsatzeko eta proiektatzeko moduak nola aldatzen dituzten ere. Arkitektoa da, Alcaláko Unibertsitatean lizentziatua, eta Cornell Universityko College of Architecture, Art, and Planning (AAP) delakoak emandako Master of Science in Advanced Architectural Design titulua ere badu. Irakaslea eta ikerlaria izan da Syracuse Universityko School of Architecture ikastegian, eta 2023–2024 ikasturtean Design Teaching Fellow izan zen Cornell AAPn. 2023ean, Cornell Council for the Arts delakoaren beka bat jaso zuen, eta horri esker sortu zen Data Tactics: Information Control and Colonization Strategies in the Data Center Technocene erakusketa, 2024an Milstein Hall (Cornell University) eraikinean aurkeztua. Urte hartan bertan, John Hartell Gallery (Sibley Hall) delakoan, Post–Lands instalazioa aurkeztu zuen, giza gorputzaren eta datu-arkitekturaren arteko erlazioari buruzkoa. Manifestu arkitektonikoak zabaltzen dituen Momentum Magazine agerkariaren sortzaile eta editorea da. Estudio Latente praktika zuzentzen du, Alejandro Carrasco Hidalgo, Alberto Martínez García eta Andrea Molina Cuadrorekin batera. Haren bidez, De Roca Madre (TAC! 2025 jaialdia, Las Palmas Kanaria Handikoa) eta Paisaje Flotante (A Cel Obert, 2026) proiektuak eraiki ditu, besteak beste.

Luis Rojo de Castro arkitektoa da, ETSAMen lizentziatua. Fulbright beka bat jaso zuen, eta Master in Architecture bat lortu zuen Harvard Universityko GSDan, baita doktore-titulua ere, UPMn. Gaur egun Proiektuetako katedradun dihardu ETSAMen, eta Cuadernos de Proyectos Arquitectónicos aldizkariaren zuzendaria da. Visiting Professor izan da Graduate School of Design delakoan (Harvard University), bai eta UNAVeko Teoria eta Historiako eta Diseinu Arkitektonikoko Masterreko irakasle gonbidatua ere, Visiting Professor of Architecture New Yorkeko City Collegen, eta Profesor of Architecture Hangzhou hiriko China Academy of Art delakoan.

Francesc Planas Penadés arkitektoa da, ETSAB-UPCn lizentziatua (2004). Bartzelona eta Buenos Aires artean egin du lan-ibilbidea, jarduera profesionala eta unibertsitateko irakasle-lana uztartuz. Bazkide sortzailea da Estudio BaBOn (2007), zeinaren obra nazioartean aitortu, argitaratu eta jendaurrean erakusgai jarri izan den. 2015 eta 2019 artean, Buenos Aires Hiriko Gobernuaren Arkitektura Zuzendaritza Nagusiko kidea izan zen, eta parte hartu zuen ekipamendu publikoen, ondarea birgaitzearen eta eremu publikoaren alorretako zenbait proiektutan. Aldi hartan, jarduera akademiko bizia izan zuen, halaber, Palermoko Unibertsitatean, Torcuato Di Tella Unibertsitatean eta San Martíngo Unibertsitate Nazionalean. 2020an, berriz ere Bartzelonan bizi zela, azpiegitura kritikoetan espezializatutako B-Global Tech ingeniaritza-enpresan kolaboratzen hasi zen. Gaur egun, EMEA eskualderako Arkitektura Liderra da bertan. Aldi berean, ETSAB-UPCko Proiektu Arkitektonikoen Saileko irakasle elkartua da.
SERVESCAPES
Erakusketa
Egilea eta Erakusketaren Komisarioa
Eduardo Cilleruelo Terán
Ikerketa eta Diseinuko lantaldea
Galilea Reyes
Héctor García
Laguntzaileak
Arely Trejo
Nathaniel Lanoux
Jonathan Gómez
Antolatzea:
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritza
BIA Urban Regeneration Forum, Bilbao Bizkaia Architecture
Datak:
2026 azaroak 5– 2027 otsailak 12
Helbidea:
Mazarredo Zumarkalea, 69, Bilbo
Dokumentazioa eta argazkia
Eduardo Cilleruelo Teran