Hizlariei buruzko informazioa
Hitzaldia: Inklusioaren erronka XXI. mendeko Europako hirietan
Inés Sánchez de Madariaga Arkitektoa da, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Generoaren UNESCO Katedraren zuzendaria eta NBE-Habitateko zuzendari exekutiboaren Genero-arloko Aholkularitza Taldeko presidentea.
Fulbright bekadun ohia. Irakasle bisitaria izan da honako hauetan: Massachussetts Institute of Technology (MIT), Kaliforniako Unibertsitatea Los Angelesen (UCLA), Columbia University New Yorken, London School of Economics, Bauhaus Arkitektura Eskola.
Emakumeei eta Zientziari buruzko Helsinkiko Taldeko kidea izan da, eta Standford Unibertsitateko Gendered Innovations proiektuaren zuzendari kidea. Ehunka ikerkuntza-proiektu zuzendu ditu, honako hauek finantzatuak: Europako Batzordea, I+G+b arloko Plan Nazionala, garapen-banku multilateralak, eta bestelako erakunde publiko eta pribatuak.
I+G+b arloko Estatu Idazkaritzako Emakumeak eta Zientzia Unitatearen zuzendaria izan da, Etxebizitza ministroaren aholkularia, Zientzia eta Berrikuntza ministroaren aholkularia, Arkitekturako zuzendariorde nagusia, eta Alokairuaren Sozietate Publikoko Administrazio Kontseiluko kidea. Ehunka artikulu idatzi ditu aldizkari profesionaletan, bai eta hamar bat liburu ere; horietako bi erreferentziazkoak dira nazioartean: Engendering Cities (Routledge) eta Fair Shared Cities (Ashgate).
Nazioarteko Planaren babeslea da, Garapen Jasangarriaren Espainiako Sareko (REDS) Aholkularitza Kontseiluko kidea, bai eta Afrikaren Aldeko Emakumeak Fundazioaren Batzorde Zientifikoko kidea eta NBE-Habitateko Bazkideen Batzar Orokorreko presidenteordea ere.
1. Berreskurapen-funtsak
Berreskurapen-funtsek premia gehien duten tokira joan behar dute: auzo ahuletara
Agustín Hernández Aja: Arkitekturan doktorea Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan; Hirigintza, Iraunkortasun eta Campus arteko Mugikortasuneko Errektorearen ordezkaria, 2016ko apiriletik gaur arte; Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko (ETSAM) Hirigintza eta Lurralde Antolamendu Saileko zuzendaria, 2009tik 2016 arte; eta 2001etik 2009ra bitarteko departamentuko idazkaria, eta Arkitektura eta Hirigintza Jasangarriagorako Ekimenaren (IAU+S) sortzailea.
Unibertsitateko katedraduna da 2019tik. Hiri eta Lurralde Planeamenduko Unibertsitate Masterreko eta Hirigintza eta Lurralde Antolamendu Saileko (DUYOT) doktorego-programetako irakaslea Espainian eta Txilen. Madrilgo Udalaren Hiri Diseinuko Sariaren eta Saiakerako Fernández de los Ríos de Sariaren irabazlea da; azken hori Los nuevos ensanches de Madrid (Madrilgo zabalgune berriak) liburuarengatik lortu zuen.
Zenbait autonomia-erkidegotan udal-plangintzako (orokorra eta garapenekoa) dokumentuak idatzi ditu, eta, horri esker, esperientzia praktiko nahikoa du hirigintzaren teoriaren eta praktikaren irakaskuntzarako programa teoriko eta praktikoak garatzeko. COAMeko kidea, eta Hirigintza eta Zaharberritze batzordeetako kide, eta Iraunkortasun Batzordeko koordinatzaile da elkargo horretan.
I+G+B Ikerketa Plan Nazionalaren zenbait ikerketa-proiektu zuzendu ditu, zaurgarritasunari, iraunkortasunari eta hiri-erresilientziari buruzko lehian dagoen ikertzaile nagusi gisa, 2012tik gaur arte.
ORAIN Otxar, hiri-berroneratzeko esperientzia Bilbon
Txari Vallejo arkitektoa da (ETSAM). EVETU-IVAP Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako Hirigintza Zuzenbideko Masterra. EVETU-IVAP Hiri Birgaitzearen eta Hiri Berroneratzearen Kudeaketako Graduondokoa.
Gaur egun, Bilboko Udal Etxebizitzak TEA erakunde autonomoko Etxebizitza Sustapen Arloko arduraduna da; 2000. urtean hasi zen horretan lanean.
25 urtetik gorako esperientzia du etxebizitzaren, hirigintzaren, lurralde-antolamenduaren eta ingurumenaren arloan, eremu publikoan eta pribatuan. Horien artean, 7 urte Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroko arkitekto gisa eta 2 urte Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako aholkulari tekniko gisa.
Horrez gain, Europako Rehabitat, ICEWISH, PV Adaptt eta Opengela proiektuetan parte hartu du.
2. Erabilera eta berdintasunerako espazio berriak
Auzo ahulak kohesio-politikaren fokuan?
Sonia de Gregorio Hurtado Arkitekto doktorea da, Europako Aipamenarekin. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko (ETSAM) Hirigintza eta Lurralde Antolamendu Saileko (DUYOT) irakaslea.
Haren esperientzia profesionala hirigintzako/arkitekturako praktikaren eta hirigintzaren ikerketaren eremuan garatu da ibilbidea hasi zuenetik. Bere ikerketa-lana nazioko eta Europar Batasuneko hiri-politiketan oinarritzen da, eta arreta berezia eskaintzen die hiri-berroneratzeko tresnei, ikuspegi holistiko batetik, non bere ibilbidean sakondu dituen alderdiak integratzen baititu (gobernantza, klima-aldaketa, mugikortasuna, genero-ikuspegia).
2017-18an, Europar Batasunerako Hiri Agendaren Hiri Txirotasunaren eta Hiri Berroneratzearen Partnershiparen Action Plan delakoaren erredakzioaren arduraduna izan zen, eta 2019an EBko Urban Innovative Actionsen esparruko aditua. 2019-2020 tartean, “Lurralde garapen orekatua, bidezkoa eta jarraitua sustatzea” lantaldeko kide izan da; Espainiako Gobernuko Lehendakaritzaren Kabineteko Prospektiba Bulegoak koordinatu du lantalde hori,“Espainia 2050” markoaren barruan.
Espazio publikoa, desberdintasun-gune gisa
José Mansilla López Gizarte Antropologiako doktorea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) irakasle elkartua da.
Horrez gain, Institut Català d’Antropologiako (ICA) Observatori d’Antropologia del Conflicte Urbà (OACU), Grup de Treball – Etnografia dels Espais Publics (GTE-EP) eta Grup Cultura Popular i Conflicte lantaldeetako kide da, baita Bartzelonako Unibertsitateko (UB) Grup de Recerca sobre Exclusió i Controls Socials taldekoa ere (GRECS).
Interesa du gizarte-klase eta -mugimenduen arteko erlazioetan, hiri-eraberritzeen prozesuak legitimatzen dituzten erretoriken eta diskurtsoen eraikuntza instituzionalean, eta turismo-praktikek hirien gizarte-sarean duten eraginean.
Lurralde-desberdintasunaren aurkako tresna eraginkorrak
Ignacio De La Puerta Rueda Arkitektoa da (ETSAM). Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria da 2021az geroztik. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendari nagusia ere izan da 2017tik 2021era.
Zuzendaritzak hainbat ardura ditu: lurraldearen antolamenduko tresnak tramitatzea, lurraldearen antolamenduko tresnen esparruan paisaia sustatu, antolatu eta babestea, eskumen propioko hirigintza-antolamenduko tresnak tramitatzea, bai eta lurralde-plangintzako determinazioak garatzen dituztenak ere.
Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko kartografia ofiziala egiteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan informazio geografikoaren ekoizpena koordinatzeko ardura ere badu.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontroleko (Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila) zuzendaria izan da 2009tik 2013ra. Eta 1994 eta 2007 bitartean Eibarko Udaleko Hirigintza Alorreko eta Plan Orokorreko Bulegoko zuzendaria izan zen.
Bigarren jardunaldiako mahai-ingurua
Idoia Legarreta Solaguren arkitektoa da, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren eskutik.
Gaur egun, Barakaldoko Udaleko Hirigintza Diziplinako Zerbitzu Teknikoko arkitektoa da. 2009ko irailetik du kargu hori, eta 2005eko abuztutik 2009ko otsailera arte ere aritu zen kargu horretan.
Bilboko Udaleko Lizentzien Atalean ere egin du lan. 2002tik 2005era, Eusko Jaurlaritzako arkitektoa izan zen: Lurzoruaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzan, eta, ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Baliabide Materialen, Sistema Informatikoen eta Antolaketaren Zuzendaritzako Eraikinen Ikuskapen Bulegoan.
Lehenago arkitekto liberal gisa jardun zuen.
Maé Durant Vidal eta Elisa de los Reyes García arkitektoak eta Pezestudio.org-en sortzailekideak dira; Pezestudio.org arkitektura-taldea 2006an sortu zen, eta Hirigintza, Arkitektura, Diseinua eta Ikerketa-Ekintza proiektuak garatzen ditu, ikuspegi ekologiko, parte-hartzaile, berdintasunezko eta inklusiboarekin; Madrilen eta Bilbon ditu egoitzak.
Maé Durant Vidal
Elisa de los Reyes García
Pertsonek ingurumenean, gizarte-garapenean, eraikuntza-teknika berritzaileen ikerketa eta ekoizpenean eta lankidetza-testuinguruen sorreran duten eragina minimizatzen duten objektuak, tresnak, espazioak eta praktikak diseinatzen dituzte. Arkitekturaren, diseinuaren eta hirigintzaren aukerak aztertzen eta probatzen dituzte, gizartea aldatzeko eta garatzeko tresna gisa.
Beren lana nazioartean hautatu eta erakutsi dute: Veneziako Biurtekoa (Italia), MOMA NY (AEB), EEA Grants (Norvegia), INDA DEX 2019 (Thailandia), POC21 (Frantzia), Idea Camp (Suedia) eta abar. Mintegiak eta lantegiak egin dituzte nazioarteko Arkitektura eta Diseinuko unibertsitate eta programetan, hala nola: Parsons The New School New York, Madrilgo Diseinu Institutu Europarra, Txileko, Montevideoko, UNIBE Santo Domingoko eta UNI Limako unibertsitateetako arkitektura fakultateetan, eta Shenzen eta Vienako arkitektura biurtekoetan; baita erakunde sortzaileetan ere, hala nola: Matadero Madrid, Medialab Prado (Madril), AZKUNA Zentroa (Bilbo), La Casa Encendida (Madril), Reykjavikeko Lorategi Botanikoa, eta Limako, Santo Domingoko eta Txileko Espainiako kultura guneetan.
Moderatzailea
Gorka Cubes San Salvador del Valle, Arkitekto doktorea, Urbanista & PMP.
Gaur egun, Azpiegiturak SAMPen (Bizkaiko Foru Aldundiaren baliabide propioa) Garapen Zuzendaritzan dihardu; aurrez, honako hauetan lan egin du: Bizkaiko Bideak SAU, IDOM Consulting, Engineering, Architecture eta Ajuriaguerra 3 SL; bere jarduera profesionalean, sektore publikoko orotariko proiektuen kudeaketa lantzen du, ekintzailetza zentroak, gizarte ekipamenduak, jarduera ekonomikorako lurzoru garapena, erakunde arteko lankidetza proiektuak eta lankidetza publiko-pribatuak.
Jasangarritasuna eta Hiri Erregenerazioa doktoregoa eskuratu zuen, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ETSAMen, tesi honi esker: “Nuevos mecanismos de intervención en la ciudad existente: la recualificación a través del decrecimiento: objetivo: una ciudad resiliente a través de un urbanismo circular” cum laude bikain kalifikazioa.
Titulu hauen jabe da: European Master in Project Management, Proiektuen Kudeaketa eta Ekodiseinua espezialitatean, Fachhochschule Dortmund–University of Applied Sciences and Arts eta UPV/EHU (Master eta Doktorego Eskola) unibertsitateetan; ETSASS–UPV/EHUko Arkitektura titulua, Ohorezko Matrikularekin; UPV/EHUko Kudeaketa eta Lurralde Antolaketako graduondokoa, eta EVETU/IVAPeko Hirigintza Zuzenbideko diploma. Askotariko hitzaldiak eman eta txostenak aurkeztu ditu Europako hainbat mintegi eta biltzarretan, eta lanak argitaratu ditu Ciudad y Territorio eta UPC Commons aldizkari indexatuetan.
3. Landa-inguruaren kudeaketa jasangarria
Landa-inguruan elkarrekin bizitzea, lankidetza eta jasangarritasuna sustatuz
Rubén Méndez Cebrián, Publizitateko eta Harreman Publikoetako lizentziaduna, Lan Harremanetako diplomaduna, Diseinuaren Kudeaketako Masterra (UPV/EHU) eta taldeak eramateko prestakuntza jasoa iifacen.
2021etik aurrera, Estatuko Etxebizitza Kooperatiboko Lan Taldearen Idazkaritza Teknikoan REAS Red de Redes elkartean erabilerarako lagatzean, Koobizitza.org-eko koordinazio-taldean (Errioxako, Nafarroako eta Euskadiko proiektuen sarea). Gordexolako (Bizkaia) Ametxe Koop. Elk. irabazi asmorik gabeko lagatako etxebizitza kooperatibako eta Ariwake sozietate kooperatibo txikiko bazkidea.
Pertsona geldigaitza eta sortzailea da, etengabe ikasten, egokitzen eta bere burua berrikusten ari dena. Herritarren mugimendu sozial eraldatzaileekin konprometitua da, hala hezkuntzan, elkarlaneko etxebizitzan, nahiz prozesu kolektibo eta pertsonalen ikaskuntzan.
Hiria eta landa-ingurua: desberdintasun espazialak eta elkarri bizkarra emanda dauden lurralde desegituratuak. Azpiegitura berdearen bidez berriz konektatzeko aukerak
Itxaro Latasa Zaballos Geografian lizentziaduna da, eta Aix-Marseillako Unibertsitatean doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatean egiten du lan 1995. urteaz geroztik, lehenik Geografia eta Lurralde Antolamendu Sailean eta, gaur egun, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan (ETSASS), non irakasle titularra baita eta irakaskuntza- eta ikerketa-lanak egiten baititu Hirigintza eta Lurralde Antolamenduaren arloan.
Ikertzaile gisa, ikerketa-proiektu eta transferentzia-kontratu askotan parte hartu du erakunde publiko eta pribatuekin. Gaur egun, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren (GOBEFTER III proiektuko ikertzaile nagusia; Valentziako Unibertsitatearekin) eta Eusko Jaurlaritzaren (EKOPOL Taldea, Iraunkortasunerako Trantsizio Ekosozialaren proiektua, UPV/EHU) finantziazioa jasotzen duten bi ikerketa-talde finkatuetako kide da.
Azken urteotako ikerketa-ildoek bat egiten dute hirigintza eta iraunkortasunaren inguruan, hiru ikuspegi desberdin baina bateratuetatik: Paisaia, Lurralde Antolamendua eta Hirigintza.
Lanaren zutabe bat du ikerketaren emaitzak dibulgatzea, lurraldeko kultura berri baten inguruko hedapena sustatzeko eta planetan bizitzeko eredu jasangarrietarako trantsizioa sustatzeko tresna gisa. Lan horiek Lurralde Antolamenduko Lanbide arteko Elkartetik (FUNDICOT) egiten ditu; erakunde horretako lehendakariordea da. Baita CONAMA (Ingurumenaren Biltzar Nazionala) eta gisako foroen bidez ere, eta txostenen, elkarrizketen, prentsa-artikuluen eta abarren bidez hainbat hedabidetan.
4. Landa-inguruaren / hiriaren arteko oreka
Txostengilea baieztatzeke
Gorka Estebez Mendizabal Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna (EHU), Bizkaiko Batzar Nagusietako aholkulari ekonomikoa, AZPIEGITURAK enpresa publikoko kontseilari delegatua eta INTERBIAK enpresa publikoko kontseilaria da.
2000ko apiriletik gaurdaino, Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendari nagusia izan da arlo hauetan: Ogasun eta Finantza Saileko AURREKONTUAK ETA KONTROL EKONOMIKOA (esparru ekonomiko publikoa), Herri Administrazio Saileko ZERBITZUAK (BFAren eta su-itzaltzeen eta suhiltzaileen zerbitzuaren kontratazioa), Enpresa Sustapeneko Saileko ENPRESA SUSTAPENA ETA BERRIKUNTZA (esparru ekonomiko eta enpresariala) eta LURRALDE GARAPENA (errepideen eta hirigintzaren eremuak).
Landa-inguruaren erronka kudeaketa energetikoan: makroproiektuak vs komunitateak
Raúl Páramo Flores soziologoa eta pedagogoa da, eta Madrilgo, Berlingo eta Friburgoko unibertsitateetan ikasi du.
Guzmán herrian (Burgos) sortutako Guzmán Renovable landa-eremuko energia-komunitatearen sortzaileetako bat da. Hustutako Espainiako 100 biztanleko udalerri horretan, 13 etxe eta enpresa elkartu dira udalarekin, eta erakunde bat sortu dute energia berriztagarria ekoitzi eta kontsumitzeko eta herriari trantsizio ekologikoaren erronkan laguntzeko. 2020an, udal-espazioen eraginkortasun energetikoa hobetzeko azterketak egin zituzten, eta lehen lorpenak lortu zituzten. 2022an, Ministerioaren Implementa CE komunitate energetikoentzako trantsizio ekologikorako Berrikuntza programak hautatu ditu autokontsumorako eta energia-jasangarritasunerako proiektuagatik.
Eguzkia solidarizatzen
Vicent Ripoll Catalá Valentziako Ballester Fandos IPko zuzendaria da 2002tik. Irakasletzako diplomaduna, Alacanteko Unibertsitatearen eta Valentziako Mestre Unibertsitatearen eskutik.
Horrez gain, gorputz hezkuntzako joera berrietako esperientzia trukaketak eta sakontzeak lantzen dituen Valentziako Cefire Etengabeko Prestakuntzako Mintegiko Tella izeneko irakasleen taldeko kide izan zen, 1992tik 1999ra bitartean. 1997tik 1999ra bitartean, Carambola izeneko irakasle taldeko kide, eta 1992tik gaur arte Itsas Zentroetako Prestakuntza Ikastaroan parte hartu du.
2009tik 2016ra, Valentziako Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendarien Elkarteko (ADIP-PV) lehendakaria izan da. Gaur egun, ADIP-PVko probintzia-batzarren kontseiluko kide da. Valentziako Erkidegoko Eskola Kontseiluko kontseilaria, 2015-2019tik. Hezkuntza Kontseilaritzako Prestakuntza Zerbitzuak sei ediziotan antolatutako zuzendarien kreditaziorako prestakuntza ikastaroaren on line tutorea. Gaur egun, Valentziako Hezkuntzako Lurralde Zuzendaritzako Laneko Osasun eta Segurtasun Batzordeko kidea da.
Enkarterriko eskualdea biziberritzeko proposamenak Espainiako hiri-agendaren barruan
Mª Elena Lacilla Larrodé arkitektoa da (ETSAUN). 2015. urtean doktoretza lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean, Cum Laude kalifikazioarekin, Huesca hiriaren XX. mendeko hiri diseinuari buruzko ikerketarekin.
2010az geroztik, Arkitekturako Ikasketen Graduko laugarren ikasturteko Hirigintzako irakaslea da, Hiri Proiektuaren Kudeaketaren Aipameneko Urban Regeneration ikasgaikoa, eta Graphic Lab-ekoa, Informazio Sistema Geoerreferentziatuen tresnei lotua. 2016. urteaz geroztik, Teoria, Proiektu eta Hirigintza Saileko idazkaria da, eta, 2021ean CityLab Logroño koordinatu du.
2011tik aurrera, hiri-diseinu jasangarriari eta hirigintzaren teoriari eta historiari buruzko ildoei jarraituz ari da ikertzen. Ikerketa-egonaldiak egin ditu Oregoneko Unibertsitateko School of Architecture and Allied Artsen (AEB, 2013 eta 2014) eta Heriot Watt Universityko The Urban Instituten (Eskozia, 2017), eta nazioarteko workshop bat egin du Dortmundeko Unibertsitatearekin (Alemania, 2018).
Bigarren jardunaldiako mahai-ingurua
Koldo Martín-Escudero Ingeniaritza Termikoko doktorea da (UPV/EHU). Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoaren Sailean egiten ditu ikerketa- eta irakaskuntza-lanak, eta Eusko Jaurlaritzako Eraikuntza Kalitatearen Kontrolerako Laborategian trebatu da ikertzaile gisa.
ENEDI taldeko (Energetika Eraikuntzan) ikertzaile nagusia da, non energia-eraginkortasunarekin eta -aurrezkiarekin lotutako hainbat alderdi lantzen diren, materialen edo osagaien karakterizazio-mailatik barruti edo hiriko eskala bateraino. Gainera, Efizientzia Energetikoari eta Iraunkortasunari buruzko Unibertsitate arteko Doktoretza Programaren arduraduna da Ingeniaritzan eta Arkitekturan.
Berriki, Tokiko Energia Komunitateetako(TEK) energia-baliabideen diseinuari eta optimizazioari buruzko ikerketa-ildo berri bat lantzen hasi da, bereziki Guzmán Renovable TEKean, hustutako Espainiako landa-eremuko herri batean.
Arantza Ozaeta Cortázar eta Álvaro Martín Fidalgo arkitektoak dira (ETSAM), eta gaur egun Proiektu Arkitektonikoen Saileko irakasleak dira unibertsitate horretan. Irakasle izan dira, halaber, Londresko Architectural Associationen, Alemaniako Coburgeko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean eta Italiako Milango Politeknikoan.
Arkitektoak eta irakasleak dira; 2008az geroztik, O.F. Architects bulegoaren zuzendariak dira. Aldez aurretik TallerDE2 izenez ezaguna, Madrilen kokatutako arkitektura-estudio bat da O.F. Architects, ikerketa eta praktika berritzailearekin konprometitua. Bere proiektuen artean, Alemanian hiri-berroneratzeko esku-hartzeak nabarmendu behar dira, oso onartuak izan baitira.
O.F. Architects-ek lehiaketa nazionalak eta nazioartekoak irabazi eta eraiki ditu, eta bere lana askotan aintzatetsi dute, besteak beste, aitortza hauen bidez: Europan 9 saria; COAM-Luis Moreno Mansilla saria (2013); Bauwelt-Preis sari alemana (2013); Pentsamenduaren eta Kritikaren FAD saria (2016), HipoTesis argitaletxearekin lankidetzan; eta European Centreren Europe 40under40 saria (2017).
Moderatzailea
Arantzazu Luzarraga arkitektoa eta Paisaia eta Ingurumeneko graduondoko diplomaduna da (ETSAUN); Arkitektura Proiektu Aurreratuetako Masterra [La Caixa Fundazioaren beka], ETSAMen eskutik, eta arkitekturako doktore [Bikain Cum Laude], Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.
Profesional gisa, arkitektura- eta paisaia-lanetan aritu da Espainian, Suitzan eta Txilen. Ikertzaile bisitaria izan da Lancaster Universityko Centre for Mobilities Research zentroan. Portoko FAUPen, Amsterdamgo Unibertsitatean, EPFLn, Iuaven eta Europako beste unibertsitate batzuetan parte hartu du topaketetan. Doktoratu aurreko ikertzailea izan da ETSAMen, eta Proiektuen Sailean ere aritu da irakasle lanetan. ‘ProLab’ ikerketa-taldeko eta UPMko Dispositivos Aglutinadores de Proyecto (Proiektu Batuketarako Gailuak) hezkuntza-berrikuntzako taldeko kide da. COAMeko Arquitectura aldizkariko zientzia-batzordeko kidea da eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Adierazpen Grafikoaren eta Ingeniaritza Proiektuen Departamentuko bitarteko irakaslea. Bere ikerketa-interesak azpiegiturak, eragile globalen estrategia espazialak eta erabaki ekonomiko eta politikoek eguneroko bizitzan duten eragina aztertzean oinarritzen dira, eta beste diziplina batzuetan hasitako elkarrizketei espazio-osagai batekin laguntzen die.
Saritua
Juan Herrerosarkitekto doktorea da, Madrilgo Arkitektura Eskolaren Proiektu Arkitektonikoen katedraduna, eta Full Professor New Yorkeko Columbia Universityren GSAPPen. Halaber, Princetongo Unibertsitatean irakaslea izan da 2004tik 2007ra; Architectural Association-en, 1998tik 2000ra, “Diploma Unit Master” gisa; Lausanako Arkitekturako EPFan 1999-2000n, “Professeur Invité” gisa; eta Chicagoko IITan, “Morgenstern Visiting Chair in Architecture” gisa, 2006an.
Ehunka hitzaldi, ikastaro, mintegi eta ikerkuntza-tailer eman ditu mundu osoan. 2013an Dialogue Architecture argitaratu zuen, zeinean Veneziako Biurtekorako 2012an diseinatutako izen bereko instalazioa jaso zuen. 2008an, Vivienda y espacio Doméstico del Siglo XXI liburua, zeinean jasota dauden La Casa Encendida delakoan emandako mintegiaren txostenak, eta Implicit Performance, hormigoiaren aplikazio esperimentalei buruzkoa; 2004an, Isla-Ciudad (Actar) eta Palacios de la Diversión (Exit LMI) liburuak; 2000n, Caducidad, Educación y Energía, Cedric Price-ko PotteriesThinkbelt-i buruzkoa (COAM Fundazioa, Madril). Aurretik, argitaratuta zeuzkan, I. Ábalosekin lankidetzan, Tower and Office, MIT Press ospetsuaren eskutik, “Natural-Artificial” (LMI), “Técnica y Arquitectura en la Ciudad Contemporánea” (Nerea) eta “Le Corbusier Rascacielos”.
Gaur egun Cedric Priceren idatzien edizio kritiko bat prestatzen ari da, baita “Arkitekturan sortzen ari diren praktikei” buruzko lan bat ere, arkitektoaren figura eta haren proiektu-teknikak birziklatzeko ideian oinarrituta.
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan zuzentzen duen ikerkuntza-talde homonimo batetik hartua da izena. 1984an Abalos&Herreros sortu zuen. 1999an, LMI (Nazioarteko Multimedia Liga), 2006an Herreros Arquitectos, eta 2014an Estudio Herreros.
Herreros Arquitectosen urteak izan dira Juan Herrerosen nazioarteko jardueraren abiapuntua. Aldi honetan, haren estudioak nazioarteko lehiaketa esanguratsuak irabazi ditu: Munch Museoaren eta haren ingurunearen diseinua eta eraikuntza, Oslon; Bogotako Nazioarteko Bilera Zentroa; Santiago de Compostelako geltoki intermodalaren diseinua; Euromed proiektua, Marseillan; ANFA auzoa, Casablancan; Gaztela eta Leongo Teknologiaren Kupula, Zamoran; eta abar. Eta lehen obrak eraiki ditu Espainiatik kanpo, hala nola Panamá Bankuaren Dorrea; Panama Hiriko itsas parkeak; Panama Hiriko sarbideen ekipamenduak; Colón hiriko sarbideen ekipamenduak; eta Communication Hut proiektua Gwanjun, Hego Korean. Aldi berean, proiektu garrantzitsuak egin ditu Espainian, argitalpenetan eta erakusketetan agertu direnak eta era guztietako sariak jaso dituztenak. Denbora-tarte horretan, Juan Herrerosek aukera izan zuen bere zenbait ideia gauzatzeko, politika globalari, talentua erakartzeari eta arkitekturaren jardunean diziplina ugari uztartzeari buruzkoak, maila teorikoan zein profesionalean. Horren emaitza haren jardueraren birsorkuntza da, Estudio Herreros izenarekin eta partnership egiturarekin, zeinaren lehen bazkidea Jens Richter alemaniar arkitektoa den, Juan Herrerosen lankidetza-proiektuarekiko urteetan izandako elkarlana eta konpromisoa aitortze aldera.
Juan Herrerosek RIBAren (Royal Institute of British Architects) International Fellowship titulua du; Architectural Digest arkitekturako saria jaso du, baita San Lorenzo de El Escorial hiriko Arteen Domina eta Limako Arkitektoen Eskola Ofizialaren “Munduko arkitektoa” saria ere. Cochabamba hiriko adopziozko semea da, eta AEBetako Arteen eta Letren Akademiaren Arkitekturako domina irabazteko izendatua izan da.