Topaketak
BIA Urban Regeneration Forum / Bilbo2020
2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda: mundu mailako plangintza bat, integrala eta eraldatzailea, zeinaren helburua baita giza garapen iraunkorra sustatzea gizarte, ekonomia eta ingurumen esparruetan.
Euskadik Euskadi-Basque Country 2030 Agendaren bidez bere egin du erronka global hori; eta gure lurraldera egokitu du agenda, guztientzako oinarrizko zerbitzuak eta giza garapenaren arlo guztietan aukerak sortuko dituen garapen iraunkorra bermatzeko konpromisoak ezaugarrituriko euskal hazkunde ereduaren ildotik.
EHAEO sortu zeneko 90. urteurrenarekin bat etorriz, Bizkaiko Ordezkaritzak “Territorios 2030 Lurraldeak” izenburuko sail tematiko bat abian jarri du BIA Urban Regeneration Forum ekimenaren laugarren edizioan; sail hori izango da datozen edizioen haria ere, Euskadi-Basque Country 2030 Agendan jasotako ekintza planarekin bat etorrita. Edizio bakoitzean, garapen iraunkorreko helburu batean jarriko du arreta. 2020rako aurkezten ari garen edizioaren ardatza, «Mugikortasunerako espazioak», agendaren 9. helburuari zuzenean lotua da, eta mugikortasun jasangarriari buruz dihardu; zehazki, garraioen eraldaketaren eta garapenaren eta hiri eta lurralde ehunaren arteko loturaz.
Erronka itzela dugu soluzioak garatzeko, hala nola abiadura handiko trenaren ibilbiderako hiri sarbideetan edo geltoki berrien proiektuetan. Jardunbide egokien zer adibide ditugu gure inguruan? Zer ekintza izan daitezke hiria eta lurraldea mugikortasun jasangarriari begira arrakastaz eraldatzeko giltza? Zer eginkizun bete ditzakete plataforma logistikoek lurralde antolamenduan? Nola berreskuratu gure azpiegiturak berritu ondoren erabili gabe gelditutako espazioak?
BIA 2020 edizio honek eztabaidarako lau planteamendu proposatzen ditu:
1.- Hiria, mugikortasun jasangarrirantz
Hirira porturik, aireportutik, abiadura handiko eta aldirietako trenetik, errepideetatik sartzeko bideetarako hurbilketa izango abiapuntu. Zer bilakaera eta etorkizunera begirako zer gako izango dituzte arkitektura tipologiek, kontuan harturik gaurko eta etorkizuneko garraiobideen aldaketa? Zer eragin izango du aldaketa horietatik eratorritako garapen ekonomikoak ingurune hurbilean eta haren diseinuan?
Jasangarritasun irizpide berrien aldeko apustuaren aplikazioa, bidegorrien eta tranbiaren bidez hirietako espazio nagusien arteko sareak eta loturak egituratzeari eta diseinuari begira, edo elkarri loturiko espazio berrietan metroak gizarte eta arkitektura mailan izango duen eragina.
2.- Hiri irisgarria
Gure hirietako auzoen arteko loturaren eta irisgarritasun erabatekoa bermatzeko bitartekoen sustapenaren analisia planteatzen da bigarren gai gisa, zuzeneko eragina baitu horrek hiri plangintzan: funikular eta teleferikoen sareen, oinezkoentzako malden eta igogailuen garrantzia eta horiek inguruneko paisaian duten eragina.
Ezarpen berriei dagokienez, hirigintzak erronka itzela du, bai puntu beltzik gabeko hiri ehuna diseinatzeko nahiz auzo zaurgarriak identifikatzeko, «jostearen» aldeko apustua eginez saihesteko bereizketa arriskua.
Hiri inguruneko mugikortasun jasangarriaren azterketaren azken emaitza herritarrak auzoan egiteen duen bizitzan islatzen da. Ingurune eraikiaren plangintzan, berebiziko garrantzia dute hurbileko merkataritza sustatzeko oinezkoentzako kaleak sortzeak, plaza eta parkeen arteko loturek eta irisgarritasun unibertsala garatzeak, diseinu inklusiboen eta sarbide mekanizatuen bidez.
Jardunbide onen zer adibide izan daitezke baliagarriak erreferentzia modura? Zer eragin positibo izan dute adibide horiek auzo eta hirien gizarte eta ekonomia kohesioan?
3.- Hiri eta landa paisaiaren bilakaera (Lurraldea)
Garraiobideen eraldaketa eta garapenak behartuta dator. Azpiegitura zaharkituen arrastoak arkitektura eta industria ondarearen erabilera berriak definitzeko herri partaidetzari bide ematen dio, eta aukera aparta eskaintzen du bizitzeko eta lan egiteko modu berriei egokituriko espazioak sortzeko eta erregeneraziorako.
Era berean, aurretiko ibilbideak birmoldatuz lotura molde berriak sortzeak –hala nola bide berdeen eta tranbiaren bitartez– zabaldu egiten ditu ibilbide horiei atxikitako herrietan eragin eremuak erregeneratzeko aukerak. Azkenik, garai batean erabilitako sare horiek bitarteko interesgarriak izan daitezke kulturaren eta turismoaren ikuspegitik.
Zalantzarik gabe, mugikortasun jasangarria da lurralde antolamenduaren erronka nagusietakoa. Gizarte eta ingurumen ongizatea ezinbestean lotuta dago “aire garbia” arnasteko eskubideari, eta, eskubide hori bermatzeko, funtsezkoa da azpiegitura erresilienteak eraikitzea, non aurrerabidearen adierazleetako bat izango baita pertsonen mugikortasun maila lurreko garraio publikoko zerbitzuetan. Helburu hori lortzeko, hainbat tresna balia ditzake hiri plangintzak, hala nola hiriguneen periferietan disuasio aparkalekuak sortzea eta, haien osagarri, garraio publiko “berde” eta kalitatezkoa eskaintzea, maiztasunari nahiz energia eraginkortasunari dagokionez. Hirigintzak orobat bultzatu beharko luke gure hirientzat birikak sortzeko mekanismoa, eraztun berdeak eta parke sareak diseinatuz. Nola txertatu tresna horiek hiri proiektuan? Zein litzateke “Bilbo Zentrala” sortzera begirako eztabaida?

4.- Ibai ibilgua, mugikortasunaren ardatz
Analisi interesgarria eskaintzen du ibai ibilguak iraganean komunikazio bide eta industria garapenerako bitarteko gisa betetako funtzioaz, eta mugikortasun berri baterako elementuak diseinatzeko haren industria ondarearen arrastoa baliatzeko erronka planteatzen du. Hiri bat sortzea eta garatzea beti dago ibilgua kokatuta dagoen eremuaren eraldaketari lotuta. Hiria industria eta portu funtziotik askatuz, potentzial handiko espazioak sorraraziko dituzten hiri esku-hartze, errehabilitazio eta berregiteak sor daitezke. Ibaia, zeina baita, berez, mugatzaile eta baldintzatzaile, hiriaren ardatz egituratzaile bihurtzen da halakoetan. Hiri sektore edo zati desberdinak sortzen dira, hiriaren traza orokorreko elementuen bidez elkarri lotuak –zubien bidez, esterako–, zeinak markatzen baitituzte hainbat hiri ibilbide eta bizi erritmo berezi.
Bilboko itsasadarraren kasuan, zehazki, Bizkaiko Zubia aitzindaria izan zen bere tipologian, eta lorpen handia, XIX. mendearen amaierako teknologiaren eta diseinuaren ikuspegitik; ez alferrik izendatu zuen Unescoren Munduko Batzordeak Gizateriaren Ondare 2006an. Ibaiadarraren bi ertzen arteko hurrenez hurreneko zubiek soluzio desberdinak erakusten dituzte haren ibilguan zehar, eta funtsezkoak dira Bilboren hiri trazadurari jarraitutasuna emateko. Hala ere, ibaiertzeko beste hiri batzuk aztertuta, mugikortasun soluzio jakin batzuk aurkitzen dira, hala nola “kabotajeko” garraioa, zeinak atxiki baitzaizkie garraio publikoko sareei naturaltasunez, bi ertzetako barrutiak modu eraginkorrean lotzeko beste ibilbide interesgarri batzuk sortuz. Eredu horietatik estrapola liteke, halaber, ibaiertzak aisiako jardueretarako eraldatzeko ideia, ibaiak hiriari modu aktiboan eskain diezazkiokeen espazio horiei aisia esangura atxikitzeko.
Arkitektura txikiek interes berezia dute hiriaren egunerokotasunean, eta jardueren plangintza ongi pentsatuak erraztu egin du, zenbait kasutan, jarduera ekonomikoa erlazio espazio berri horietan. Arrakasta handieneko hiriek joera dute ibaialdearen balioa azpimarratuz hobetzeko hiri estetika, ibaiertzeko pasoen proiektuen bidez, ibai aldera ematen duten eraikuntza aurrealdeak arautuz, aisiako malekoi eta azpiegiturak eraikiz, eta abar. Zer beste adibide izan daitezke gure ibaiertzetarako inspirazio iturri, «Baukultur» kontzeptuaren ildotik? Zer ibai-hiri bikotek dituzte mugikortasunari loturiko espazio horiek garatzeko eta lehengoratzeko proiektu arrakastatsuak? Nola baloratzen du hiriak ibaiarekiko bere harremana, eta nola interpretatzen da hark hiri-ibai sistemaren barruan betetzen duen funtzioa? Ibaiertzen errehabilitazioaren bidez irudi erakargarria proiektatzeak lagundu egiten du hiri sistema eragingarriak sortzen, ibaiertza produktu modura ulertuta. Balio erantsi horrek paisaiari buruzko kalitate handiko ideia eta ikuspegi bat sorrarazten du, potentzial nabarmenekoa.
Ondorio gisa, hauek dira etorkizuneko bi erronka nagusiak: mugikortasun jasangarria, hirietan auto partikularraren erabilera alboratzea, garraiobide garbi, ekologiko eta partekatuen mesedetan, eta pertsonak erdigunean jarriko dituen mugikortasun eredu bat.