
BIA-SKETCH marrazki lehiaketaren seigarren edizioa deitu da
HIRIEN BIRNATURALIZAZIOA
BIA-SKETCH marrazki lehiaketaren seigarren edizioa deitu da
HIRIEN BIRNATURALIZAZIOA
URBAN REGENERATION FORUM, BIAren VII. edizioko (2026) herritarren jardueren esparruan, herritarren lehiaketak egingo dira berriz. Edizio honetako testuingurua bia-KLIMA 2.0 manifestua izango da, eta lehiaketen ardatza, berriz, HIRIEN BIRNATURALIZAZIOA.
Gure eremuak birnaturalizatzea ez da hiria apaintzeko modu berri bat, ezta arte-estilo berri bat ere; helburua ez da gure errealitatea landare-dekorazioz mozorrotzea. Une honetan beharrezkoa da, BIA Forumen ikusi zen bezala, sakon hausnartzea zer-nolako harremana dugun, funtsean, bizi garen guneekin, haien materialekin, haien geometriekin, haien eraikitze-prozesuekin, sorrarazten dituzten emozio eta sentsazioekin, haiekiko dugun harmoniarekin, ingurumen aldakor batekin babesten gaituzten moduarekin. Begirada horretan, mugimendua, hiriko gune batetik bestera joateko dugun era, ez da garrantzirik eta interesik gabeko gertakari bat. Eguneroko joan-etorri horrek eraikitzen du gure errealitatearen pertzepzio sentsoriala, haren argiarena, soinuena, koloreena, usainena, besteekin eta inguratzen gaituen munduarekin harremanetan jartzen garen topalekuena.
BIA-SKETCH lehiaketak dei egiten die adin guztietako herritarrei beren zirriborro eta marrazkiekin gure ingurunearenganako askotariko hurbilketak egin ditzaten, arreta jarriz gure espazioen eta mugimenduen BIRNATURALIZAZIOAren ideia horri, zeinak pertsona gisa dugun errealitatearekin adiskidetzen gaituen.
Lehiaketaren eremua:
BILBAO/BIZKAIA
Lehiakideak:
Parte hartu ahal izango dute bitarteko horren bidez lehiaketaren xede den gaiari buruz beren ikuspegia adierazi nahi duten pertsona guztiek.
Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu, ezta saria jaso ere, BIAren antolatzaileek, ez eta EHAEOri BIArekin zerikusia duten marketineko eta/edo sustapeneko zerbitzuak ematen dizkioten enpresetako langileek ere.
KATEGORIAK:
Lau kategoria daude:
- 6-8 urte.
9-14 urte. - 15-17 urte
18 urtetik gorakoak
(lanak entregatzeko epemugaren azken egunean betetako adina hartuko da kontuan)
Garapena eta aurkezpena
Fechas:
-Koadernoak entregatzea eta zigilatzea: 2026ko irailaren 28tik (astelehena) urriaren 9ra (ostirala).
Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara
Egun horretan bertan Bizkaiko EHAEOn jasotako eta zigilatutako koadernoak baino ez dira izango baliagarriak.
Lehiakideek 2026ko BIAren egoitzara joan beharko dute, hau da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko egoitzara (Mazarredo Zumarkalea 69, Bilbo), beren marrazketa-koaderno zigilatua hartzera.
-Koadernoak biltzea: 2026ko azaroaren 16tik (astelehena) azaroaren 20ra (ostirala).
Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara
Lehiakideek 2026ko BIAren egoitzara joan beharko dute, hau da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzara (Mazarredo Zumarkalea 69, Bilbo), beren marrazketa-koadernoa ematera.
TEKNIKA: librea.
Haurren kategorietan koaderno bat emango da, eta haien barruko marrazki bakoitzak hartuko du parte lehiaketan, banaka.
Premios*
Kategoria 6-8 urte
- SARIA EROSKETA-TXARTELETAN EMANGO DA
- Marrazki onenarentzako saria: 150€
Kategoria 9-14 urte
- SARIA EROSKETA-TXARTELETAN EMANGO DA
- Marrazki onenarentzako saria: 150€
Kategoria 15-17 urte
- SARIA EROSKETA-TXARTELETAN EMANGO DA
- Marrazki onenarentzako saria: 250€
18 urtetik gorakoen kategoria
- Koaderno onenarentzako saria: 750€
- Marrazki onenarentzako saria: 350€
Publikoaren sari berezia
Publikoaren sari berezia: 250,00€
*edo horren baliokide den erosketa-txartel bat, sariduna 18 urtetik beherako kategoria batekoa bada
Sariren bat irabazi duten parte-hartzaile helduei ez zaie sariaren zuzkidura ekonomikoa emango, baldin eta ezkontza bidezko edo izatezko pareko harremanik badute, eta/edo laugarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik edo bigarren mailara arteko bestelako kidetasun-ahaidetasunik badute epaimahaiko kideren batekin edo antolatzaileren batekin (halakotzat joko dira EHAEOko eta BIAko talde eragileetako langileak eta EHAEOko zuzendaritza-batzordeetako eta gobernu-organoetako kideak). Nolanahi ere, ez zaie galarazten parte hartzea, ezta parte hartu izana egiaztatzen duen errekonozimendua edo diploma jasotzea ere.
Epaimahaia
Epaimahaiak hiru kide izango ditu, marrazkilariak, margolariak edo ospe oneko bestelako profesionalak. Epaimahaiak ezingo ditu sariak eman gabe utzi, izangairik aurkezten ez den kasuetan izan ezik. Epaimahaiaren erabakia eztabaidaezina izango da. Epaimahaiak ezingo dio inola ere bi sari esleitu parte-hartzaile berari, baina haren lana aipamen baten bidez goretsi ahal izango da. Ezin da epaimahaiko kide izan parte-hartzaileren batekin ezkontza bidezko edo izatezko pareko harremana duen inor, ez eta laugarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasuna edo bigarren mailara arteko bestelako kidetasun-ahaidetasuna duen inor ere.
Aurkeztutako lanak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan (Mazarredo Zumarkalea 69, Bilbo) jarriko dira ikusgai.
Publikoaren sari berezia
2026ko azaroaren 26tik aurrera, aurkeztutako koaderno guztiak biarchitecture.org webgunean izango dira ikusgai. Telematikoki bozkatu ahal izango da webgune horretan bertan, 2026ko abenduaren 4ra arte.
Sari-banaketa
Sari-banaketa 2027ko lehenengo seihilekoan egingo da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan (Mazarredo Zumarkalea 69, Bilbo).
Aurkeztutako lanak
Lehiaketan parte hartuz gero, parte-hartzaileak berez onartzen du EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzari lagako zaizkiola lehiaketara aurkeztutako marrazkien eta koadernoen (aurrerantzean, aurkeztutako lanak) egilea den aldetik haien gainean dagozkion jabetza intelektualeko eskubideak. EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzak eskubidea izango du aurkeztutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko, denborazko eta lekuzko mugarik gabe, bere izen-abizenekin identifikatuz lanaren egilea. Beraz, eta besteak beste, Ordezkaritzak aurkeztutako lanak argitaratu ahal izango ditu BIAren webgunean, BIA zabaltzeko baliatzen diren bitartekoetan (EHAEOren barne-eta kanpo-eremuetan), BIAri buruzko albisteak ematen dituzten komunikabideetan, BIAren eskuorrietan, BIAren argitalpenetan, BIAren erakusketetan, etab. Xede horrekin, Ordezkaritzak aurkeztutako obren formatua aldatu ahal izango du, nahiz eta horrek haien kalitatea murriztea eragin. Klausula honetan ezarritakoaren ondorioetarako, parte-hartzaileek baimena ematen diote EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzari, parte-hartzaileen izen-abizenak hirugarrenei jakinarazteko.
Egileak eskubidea izango du aurkeztutako lanak beste egoera edo helburu batzuetarako erabiltzeko, baldin eta hala eginez gero berariaz adierazten badu obrak EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren BIA-SKETCH lehiaketan parte hartu duela.
Erantzunkizuna
Parte-hartzaileek beren gain hartuko dute aurkeztutako obren egiletzaren eta originaltasunaren erantzukizuna, eta haien ardurapekoa da, halaber, obra horien gainean ukituta gerta litezkeen hirugarrenen eskubiderik ez egotea. Parte-hartzaileek kaltegabe mantenduko dute EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritza hirugarrenen batek Ordezkaritza horri erreklamaziorik egingo balio bere eskubideak urratzeagatik, barne hartuta jabetza intelektualari, jabetza industrialari edo irudiaren jabetzari dagozkionak.
Parte hartzeak berez dakar oinarri hauek osorik onartzea. Oinarri hauetan aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzak dagokion ebazpena emango du.
Datu pertsonalen babesa
Datuak Babesteko 3/2018 Lege Organikoa eta (EB) 2016/679 Erregelamendua betez (2016/679 Erregelamendua, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez), jakinarazten dizugu zure datuak EHAEOren datu-basean sartuko direla, eta BIA-SKETCH lehiaketa hau egiteko eta oinarri hauetako «aurkeztutako lanak» atalean aipatutako jardueretarako eta/edo argitalpenetarako soilik erabiliko direla. BIA-SKETCH Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar EHAEOri baimena ematea parte-hartzailearen izen-abizenak hirugarrenei jakinarazteko, xede hauekin: lehiaketako parte-hartzea kudeatzea; aurkeztutako obraren balorazioa egitea, dagokion saria emateko; eta oinarri hauetako «aurkeztutako lanak» atalean aipatutako jarduerak eta/edo argitalpenak egitea.
EHAEO da zure datuen tratamenduaren arduraduna, eta tratamendurako oinarri juridikoa, berriz, interesdunak lehiaketara aurkeztean emandako baimena da, aurkezteak oinarri hauek onartzea baitakar. EHAEOk ez ditu inolaz ere interesdunen datu pertsonalak erabiliko aipatu direnez bestelako xedeetarako, eta konpromisoa hartzen du dagokion sekretu profesionalari eusteko, bai eta informazioa babesteko behar diren neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezartzeko ere, datuen babesaren alorreko indarreko araudiaren eskakizunen arabera.
Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, lekuz aldatzeko eta haien erabilera mugatzeko eskubideak erabil ditzakezu, EHAEOri zuzendutako idazki baten bidez, eta zure burua identifikatzeko agiri ofizial baten kopiarekin batera. Idazkia EHAEOren egoitza sozialera bidali ahalko duzu: MAZARREDO ZUMARKALEA 69, 1.a, 48009, BILBO (BIZKAIA), edo coavn@coavn.org helbide elektronikora. EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzak egindako argitalpenetatik zure datuak ezabatzeko eskatuz gero, Ordezkaritzak lehiaketara aurkeztutako zirriborro eta marrazkiak mantendu ahal izango ditu argitalpenean, egilea anonimo gisa identifikatuta, eta hori ezin izango da hartu egilearen jabetza intelektualeko eskubideen urraketatzat.