
PHOTO-BIA argazki lehiaketaren seigarren edizioa deitu da
URBAN REGENERATION FORUM, BIAren VII. edizioko (2026) herritarren jardueren esparruan, herritarren lehiaketak egingo dira berriz. Edizio honetako testuingurua bia-KLIMA 2.0 manifestua izango da, eta lehiaketen ardatza, berriz, HIRIEN BIRNATURALIZAZIOA.
Gure eremuak birnaturalizatzea ez da hiria apaintzeko modu berri bat, ezta arte-estilo berri bat ere; helburua ez da gure errealitatea landare-dekorazioz mozorrotzea. Une honetan beharrezkoa da, BIA Forumen ikusi zen bezala, sakon hausnartzea zer-nolako harremana dugun, funtsean, bizi garen guneekin, haien materialekin, haien geometriekin, haien eraikitze-prozesuekin, sorrarazten dituzten emozio eta sentsazioekin, haiekiko dugun harmoniarekin, ingurumen aldakor batekin babesten gaituzten moduarekin. Begirada horretan, mugimendua, hiriko gune batetik bestera joateko dugun era, ez da garrantzirik eta interesik gabeko gertakari bat. Eguneroko joan-etorri horrek eraikitzen du gure errealitatearen pertzepzio sentsoriala, haren argiarena, soinuena, koloreena, usainena, besteekin eta inguratzen gaituen munduarekin harremanetan jartzen garen topalekuena.
PHOTO-BIAk herritarrak animatzen ditu beren argazkilaritza-lanen bidez gure ingurunea esploratzeko, arreta jarriz gure espazioen eta mugimenduen BIRNATURALIZAZIOAREN ideia horri, zeinak pertsona gisa dugun errealitatearekin adiskidetzen gaituen.
Lehiaketaren eremua:
BILBAO/BIZKAIA
Lehiakideak:
Parte hartu ahal izango dute bitarteko horren bidez lehiaketaren xede den gaiari buruz beren ikuspegia adierazi nahi duten 18 urtetik gorako pertsona guztiek.
Parte hartzeko kategoria bakarra izango da.
Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu ez antolatzaileek*, ez BIAren komunikazio-, diseinu- edo zabalkunde-taldean dauden enpresetako langileek, ez eta epaimahaikideek ere.
Sariren bat irabazi duten parte-hartzaileei ez zaie zuzkidura ekonomikoa emango, baldin eta ezkontza bidezko edo izatezko pareko harremanik badute/edo laugarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik edo bigarren mailara arteko bestelako kidetasun-ahaidetasunik badute epaimahaiko kideren batekin edo antolatzaileren batekin.
*Antolatzailetzat joko dira Bizkaiko EHAEOko langileak, BIAko antolaketa-taldekoak eta EHAEOko zuzendaritza-batzordeetako eta gobernu-organoetako kideak.
Aurkezpena
Argazkiek originalak izan behar dute, eta euskarri digitalean aurkeztuko dira, 300 dpi-ko (pixel hazbeteko) kalitatearekin, zuri-beltzean edo koloretan. Erakusketarako hautatzen diren irudiak argazki-paperean inprimatuko dira, milimetro 1eko lodiera duen PVCzko euskarri batean, markoztatu gabe eta 50 x 70 cm-ko neurriarekin (euskarriak zein irudiak).
Irudiaren gehieneko tamaina (8268 X 5906) pixelekoa izango da.
Lehiakide bakoitzak argazki bakarrarekin parte hartu ahal izango du.
Egileak irudiaren kopia bat gorde beharko du, euskarri digitalean, formatu fisikoaren pareko kalitatea bermatuko duen bereizmenarekin, saria jasoko balu, antolatzaileei emateko eta haiek publikoki zabaltzeko.

Autor: Jorge Almeida Vela
Epea
Lanak entregatzeko epemuga 2026ko azaroaren 20a izango da, 13:00etan.
Entregatzeko modua
Argazkia entregatzeko web-formularioa beteko da, honako datuak adieraziz (besteak beste):
- Goiburua.
- Lehiakidearen datu pertsonalak (izena, abizenak, NANa, helbidea, posta elektronikoa eta telefonoa).
- Argazkia egin den lekua (Bizkaian egindako argazkiak bakarrik onartuko dira).
Ondoren, argazkia igoko da www.biarchitecture.org webgunean horretarako prestatutako plataformara.
Antolatzaileek webgunean entrega egindako data hartuko dute aintzat, erregistrorako.
Sariak
Sari hauek emango dira:
KATEGORIA BAKARRA, ARGAZKI ONENA
- Lehenengo saria: 750€
- Bigarren saria: 350€
- Accesita: 150€
Publikoaren sari berezia
Publikoaren sari berezia: 250,00€
Epaimahaia
Epaimahaiak hiru kide izango ditu, argazkilariak eta/edo argazkilaritzan profesionalki diharduten arkitektoak, edo arlo horretan aitortutako ospea dutenak. Epaimahaiak eman gabe utzi ahal izango ditu sariak. Epaimahaiaren erabakia eztabaidaezina izango da.
Epaimahaiak ezingo dizkio inolaz ere bi sari eman parte-hartzaile berari.
Ezin da epaimahaiko kide izan parte-hartzaileren batekin ezkontza bidezko edo izatezko pareko harremana duen inor, ez eta laugarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasuna edo bigarren mailara arteko bestelako kidetasun-ahaidetasuna duen inor ere.
Epaimahaiak 20 irudirik onenak hautatuko ditu, eta horiek ikusgai jarriko dira Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan (Mazarredo Zumarkalea 69, Bilbo).
Publikoaren sari berezia
2026ko azaroaren 30etik aurrera, aurkeztutako argazki guztiak biarchitecture.org webgunean izango dira ikusgai. Telematikoki bozkatu ahal izango da webgune horretan bertan, 2026ko abenduaren 4ra arte.
Sari-banaketa
Sari-banaketa 2027ko lehenengo seihilekoan egingo da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan (Mazarredo Zumarkalea 69, Bilbo).
Aurkeztutako lanak
Lehiaketan parte hartuz gero, parte-hartzaileak berez onartzen du EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzari lagako zaizkiola lehiaketara aurkeztutako argazkien (aurrerantzean, aurkeztutako lanak) egilea den aldetik haien gainean dagozkion jabetza intelektualeko eskubideak. EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzak eskubidea izango du aurkeztutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko, denborazko eta lekuzko mugarik gabe, beren izen-abizenekin identifikatuz lanaren egilea. Beraz, eta besteak beste, Ordezkaritzak aurkeztutako lanak argitaratu ahal izango ditu BIAren webgunean, BIA zabaltzeko baliatzen diren bitartekoetan (EHAEOren barne-eta kanpo-eremuetan), BIAri buruzko albisteak ematen dituzten komunikabideetan, BIAren eskuorrietan, BIAren argitalpenetan –herritarren jarduera guztiei dagozkienak edo PHOTO-BIAren espezifikoak–, BIAren erakusketetan, etab. Xede horrekin, Ordezkaritzak aurkeztutako obren formatua aldatu ahal izango du, nahiz eta horrek haien kalitatea murriztea eragin.
Ondorioz, aurkeztutako argazkiak antolatzaileekin eta haien jardueren zabalkundearekin zerikusia duen edozein motatako euskarritan –editatua, inprimatua nahiz digitala– agertu ahal izango dira. Betiere, lanaren egilea aipatuz. Egileak eskubidea izango du aurkeztutako lanak beste egoera edo helburu batzuetarako erabiltzeko, baldin eta hala eginez gero berariaz adierazten badu obrak EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren PHOTO-BIA lehiaketan parte hartu duela.
Oharrak
Parte-hartzaileek beren gain hartuko dute aurkeztutako obren egiletzaren eta originaltasunaren erantzukizuna, eta haien ardurapekoa da, halaber, obra horien gainean ukituta gerta litezkeen hirugarrenen eskubiderik ez egotea, batez ere adingabekoen eskubideak. Parte-hartzaileek kaltegabe mantenduko dute EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritza hirugarrenen batek Ordezkaritza horri erreklamaziorik egingo balio bere eskubideak urratzeagatik, barne hartuta jabetza intelektualari, jabetza industrialari edo irudiaren jabetzari dagozkionak.
Argazkietan adingabekorik agertuz gero, parte-hartzaileek adingabe horien legezko ordezkarien berariazko baimena lortu beharko dute, haien irudia jasotzeko eta argazkiak PHOTO-BIA lehiaketan aurkezteko. Argazki horiek ez dira erabiliko Ordezkaritzak egindako erakusketetan eta/edo argitalpenetan, adingabekoen eskubideak babesteko.
Parte hartzeak berez dakar oinarri hauek osorik onartzea. Oinarri hauetan aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzak dagokion ebazpena emango du.
Datu pertsonalen babesa
Datuak Babesteko 3/2018 Lege Organikoa eta (EB) 2016/679 Erregelamendua betez (2016/679 Erregelamendua, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez), jakinarazten dizugu zure datuak EHAEOren datu-basean sartuko direla, eta PHOTO-BIA lehiaketa hau egiteko eta oinarri hauetako «aurkeztutako lanak» atalean aipatutako jardueretarako eta/edo argitalpenetarako soilik erabiliko direla. PHOTO-BIA lehiaketan parte hartzeak berekin dakar EHAEOri baimena ematea parte-hartzailearen izen-abizenak hirugarrenei jakinarazteko, xede hauekin: lehiaketako parte-hartzea kudeatzea; aurkeztutako obraren balorazioa egitea, dagokion saria emateko; eta oinarri hauetako «aurkeztutako lanak» atalean aipatutako jarduerak eta/edo argitalpenak egitea.
EHAEO da zure datuen tratamenduaren arduraduna, eta tratamendurako oinarri juridikoa, berriz, interesdunak lehiaketara aurkeztean emandako baimena da, aurkezteak oinarri hauek onartzea baitakar. EHAEOk ez ditu inolaz ere interesdunen datu pertsonalak erabiliko aipatu direnez bestelako xedeetarako, eta konpromisoa hartzen du dagokion sekretu profesionalari eusteko, bai eta informazioa babesteko behar diren neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezartzeko ere, datuen babesaren alorreko indarreko araudiaren eskakizunen arabera.
Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, lekuz aldatzeko eta haien erabilera mugatzeko eskubideak erabil ditzakezu, EHAEOri zuzendutako idazki baten bidez, eta zure burua identifikatzeko agiri ofizial baten kopiarekin batera. Idazkia EHAEOren egoitza sozialera bidali ahalko duzu: MAZARREDO ZUMARKALEA 69, 1.a, 48009, BILBO (BIZKAIA), edo coavn@coavn.org helbide elektronikora. EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzak egindako argitalpenetatik zure datuak ezabatzeko eskatuz gero, Ordezkaritzak lehiaketara aurkeztutako argazkia mantendu ahal izango du argitalpenean, egilea anonimo gisa identifikatuta, eta hori ezin izango da hartu egilearen jabetza intelektualeko eskubideen urraketatzat.