2030 lurraldeak:
Desberdintasunaren erronka

Online topaketak

V edizioa

Azaroaren 9-10-11

Manifestua

2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda, ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzailea dena, eta gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren eremuan giza garapen jasangarria bultzatzea duena helburu. Euskadik, erronka global horri aurre egiteko, gure lurraldeari egokitutako Euskadi-Basque Country 2030 Agenda sortu du. Euskal eredua islatzen da horren bidez, helburu hau duena: sortzen den hazkundea konprometituta egotea pertsona guztiei funtsezko zerbitzuak bermatzearekin eta giza garapenaren eremu guztietan aukerak sortuko dituen aurrerapen jasangarria lortzearekin.

BIA Urban Regeneration Forumen aurreko edizioan, EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzak serie tematiko bat hasi zuen “Territorios 2030 Lurraldeak” izenburupean. Ildo horri jarraituz, hurrengo edizioetan Euskadi-Basque Country 2030 Agendan jasotako ekintza-planarekin bat egin du, eta edizio bakoitza Garapen Jasangarriko Helburu batean ardaztu du. 2022ko edizio hau, DESBERDINTASUNEN ERRONKA izenekoa, Agendaren 10. helburuarekin zuzenean lotuta egonik, lurraldeen barruko eta horien arteko desberdintasuna murrizteari buruzkoa da.

Eztabaida-ildoek bi erronka izango dituzte ardatz:

1.- Berroneratu beharreko hiri-inguruneen maila handiko erronkak: “Hiria desberdintasunei aurre egiteko birpentsatzea: auzoen berroneratzea”.

Gure gizartean agerian geratzen da hirien nagusitasuna: munduko biztanleriaren erdia baino gehiago hiri batean edo ingurune urbano batean kontzentratzen da. Kostaldearen eta haranen inguruko lotura urbanoen segida batek osatzen du gure lurraldea. Bestalde, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoren, gizartean hainbat aldaketa sortzen ari dira, bai eta lurraldean zenbait erronka ere, lurraldea eta hiriak antolatzeko, planifikatzeko eta kudeatzeko moduari eragiten diotenak. Lortu beharreko helburu batzuk aurkezten zaizkigu, zeintzuetarako arkitektura eta hirigintza tresna baliotsuak baitira.

Desberdintasunen aurkako borrokan hainbat helburu daude; horietako bat zahartze aktiboari eta belaunaldien arteko elkartasuna sustatzeari lotuta dago. Gai hori garrantzi handikoa da gure gizartearentzat, eta, orain arte, alde batera utzi izan da hiri- eta lurralde-plangintza gidatu duten irizpideetan. Nola eragin du hutsune horrek etxebizitza egokirako sarbidean eta zaintzaren ekonomiarako sarbidean? Ohikoak izan diren espazioak gentrifikatzeak herritarren arteko desberdintasuna eta hiri-dispertsioa sustatzen al ditu?

Gure hirietan auzo kalteberak daudela errealitate bat da. Horietan, biztanleen bizi-baldintzak askoz okerragoak dira kokatuta dauden hiriko baldintza zabalduenak baino. Hainbat gizarte-talde egotea hiriko desberdintasunei lotuta al dago? Kalteberatasun-maila zehazten duten adierazleetako bat da, hain zuzen ere, gabezia materialak dituzten etxebizitzen kontzentrazioa eta eraikitako ingurunearen ingurumen-kalitaterik eza. Ez da gauza bera inguruan parke bat edo liburutegi bat izatea, edo industrialde bat edo azpiegiturek eragindako hesi bat izatea. Hirigintzan oinarrituta, zein tresnak egingo liokete aurre gizarte-arrakalei?

Next Generation Berreskuratze Funtsekin aurkezten den aukera baliatuz, intentsiboagoak izan beharko lukete hirigune horiek birgaitzeko eta berroneratzeko politikek. Areagotu egin al dira hirien barne-desorekak? Nola lortu hiri inklusiboagoak? Zein da energia-pobreziaren eremu horietan inbertitzearen garrantzia klima-aldaketaren egungo testuinguruan? Nola eragiten die egoera horrek biztanle zaharrenei? Eta gazteei? Genero-ikuspegia erabakigarria al da desberdintasunen aurkako hiri-plangintzan?

2.- Landa-arloaren, despopulazioaren eta lurralde-kohesioaren erronka: “Gaur egungo arkitekturaren erronka landa-eremuaren testuingurura hurbiltzeko”.

Eremu kalteberetako auzo-efektuak desberdintasunak betikotzera jotzen du eta hurrengo belaunaldiei eta migratzaileei hobetzeko aukerak zailtzen dizkie –bereziki, haurrei–. Efektu hori neurri batean landa-eremuari ere aplika dakioke, alderdirik despopulatuenetan eta gaizki komunikatuetan. Onartu berri diren LAGen arabera, EAEko azaleraren % 70a landa-eremuko udalerriek hartzen dute, zeintzuetan populazioaren % 8 besterik ez baita bizi. Bizkaian badira zenbait eskualde (Enkarterri, Busturialdea-Urdaibai) zeintzuetan esku hartu, bai birgaitzeko beharra dutelako, bai elementu berrien beharra dutelako: «Espazio biluziak, erdi abandonatuak, gutxi jendeztatuak eta batzuetan gaizki konektatuak» (Rem Koolhaas).

Kokagune horietan errealitate bat da produkzio-lan tradizionalaren errentagarritasun eskasak eragindako despopulazioaren mehatxua. Nola egin erakargarri landa-ingurunea, ez bakarrik lotarako toki gisa, baizik eta pertsona guztientzako bizitza-proiektu bat garatzeko aukera berberak eskaintzen dituen kokaleku gisa? Lurralde-kohesioa funtsezkoa da egoera kaltegarrietatik eratorritako desberdintasunei aurre egiteko.

Nola bideratu landa-espazioak eta hiri-sakabanaketa jasangarritasun ekonomiko, ingurumeneko eta sozialaren ikuspegitik? Aurretik dagoenaren inguruko gogoetak eta arkitektura soziala eta informala ezagutzeak esku-hartze kirurgiko espezifikoak ekar ditzake kokagune berrietan, paisaia eta biodibertsitatea babesteari dagokionez. Nola ezarri, paisaia osasungarri eta kalitatezkoak lortzeko bidean, landa-ingurunearen kudeaketa jasangarria lortzeko jardunbide egokien ildoa?

Telelanaren azken aldiko orokortzeak eta landa-eremura itzultzeko aukerak jarraitu egingo du, ala moda iragankorra izango da? Eskualde horiek berpizteko zer ekintza plantea litezke? Nola eragiten die desberdintasunei? Zaintza-komunitate baterako bidean, lankidetzan oinarritutako ikuspegiaren garrantzia. Aukerez baliatzeko eta mehatxuei aurre egiteko, zer aliantzak laguntzen dute? Hustutako lurraldea birpopulatzeko modu bat izan al liteke migratzaileei bertan finkatzeko aukera ematea?

Ondorio gisa, BIAren V. edizioaren gaia, oro har, oso lotuta dago giza kokagune jasangarri eta erresilienteekin (11. GJHa), baina, batez ere, eskualde desberdinetako biztanleen arteko desberdintasunak gutxitzearekin (10. GJHa), eta, baita ere, zeharka, lurraldeen biodibertsitatea babestearekin eta kontsumo jasangarriak bultzatzearekin.

Eztabaidarako agertoki bat ireki da, zeinean mahai gainean jartzen baitira, errealitate horiek kontuan hartuta, hiri- eta lurralde-inguruneak planifikatzeko erantzukizunari buruzko galderak, lelo orokor honekin:

Desberdintasunen erronka: Arkitektura eta Hirigintza tresna gisa

Adierazi den moduan, BIAren V. edizioan honako GJH hauei buruzkoa izango da Urban Regeneration Forum:

Euskadi-Basque Country 2030 agendaren 10. Helburua:

Herrialde bakoitzean eta herrialdeen artean desberdintasunak murriztea (lurraldeei ere aplikagarria)

GJH 11

Euskadi-Basque Country 2030 agendaren 11. Helburua:

hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea.

Jarduerak

BIA

BIA

Topaketak

Topaketak

Herritarrentzako jarduerak

Herritarrentzako jarduerak

Urban Regeneration Forum

Urban Regeneration Forum

Honek ateratako argazkiak (1 eta 2): Iñigo Morentín Fresco eta Alicia Cantero Iza

Back to top