Workshop Enkarterri

Aldiriak landuz

Enkarterrietan dago Bizkaiko udalerririk zabalena, Karrantza, baita Lanestosa ere, gure lurralde historikoko herririk txikiena. Oso eremu zabala da, baina ez oso populatua, eta bertako populazioa beheraka doa. Enkarterriak aldirien adibide esanguratsua dira.

Planetako biztanle gehienek bizilekutzat hiri-habitat motaren bat duten arren, gutako gehienok hiri tradizionaltzat hartuko ez liratekeen lekuetan bizi, lan egin eta gozatzen dugu. Nola biziko gara elkarrekin etorkizun hurbilean Enkarterriak deritzon hiriaren muga honetan?

Aldirien definizioa, esanahia eta hirien eta landa-eremuen kategoriekin nola erlazionatzen den aspalditik bilakatu da ikertzaileen eta profesionalen langai. Aldirietako konstelazioek gero eta gehiago ordezkatzen dute hirigunearen eta landa-eremuaren arteko dikotomia tradizionala. Beraz, leku ezin hobea da periferiako lurzoruaren, aldirietako azpiegituren eta bertako bizimoduaren gaiak lantzeko. Gai horiek jorratzea izango da Enkarterriko lurralde-desberdintasunaren erronkari aurre egingo dion workshop honen helburu nagusia.

Workshop honetan, ETSAUNeko Hiri Proiektuaren Kudeaketa Aipameneko lauhilekoan zehar Urban Regeneration ikasgaian egindako lana ikasleek plazaratuko dute. Eskualdeko hainbat kokaleku bisitatuko dituzte, eskualdeko mineral-erauzketa eta industrializazioa ezagutze aldera. Horrez gain, workshop-ak Balmasedako institutuko ikasleekin egindako Hiri Eskubideei buruzko saio bat landuko du. Saio honi esker, arkitekturako ikasleek hiria berroneratzeko proiektuak garatzen jarraitu ahal izango dute, eskualdeko gazteen benetako beharren ekarpenak jaso ondoren.

Proposamenek suburbia landuko dute, non landa eta hiri eremuen arteko mugak lausotzen diren. Arkitekturak naturaren eta gizartearen arteko bitartekaritza-lana berreskuratuko duen lekua bilakatu daiteke tarte hau. Krisi klimatikoaren aurrean erresilientea den lurraldea izan daiteke. Azkenik, haren justizia sozialak eta bizi-kalitateak abegikor bihurtuko dute zonalde hau emakumeentzat, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, haurrentzat eta adinekoentzat.

Back to top