Manifestua

PRODUCTIVE LANDSCAPE. NUEVOS PAISAJES PRODUCTIVOS. PAISAIA PRODUKTIBO BERRIAK

BIA Urban Regeneration Forum / Bilbao 2018

BIA Urban Regeneration Forumaen hirugarren edizioak ekonomia produktiboaren eta hiri-egituraren arteko lotura du ardatz. Zer eragin izan dezakete produkzio-eredu berriek hiriaren biziberritzean? Ba al dira jardunbide egokien ereduak gure ingurunean? Zer ekintzaren bidez lor daiteke hiriak lurraldean duen itzala handiagoa izatea? Gaurdaino izan ez ditugun zer eragilek ekar dezakete iraultza, produkzioaren eta kontsumoaren artean oreka handiagoa lor dezan lurralde batek?

Hiriak, giza jardueraren eszenatoki natural etengabea den aldetik, zuzenean nozitzen du egitura produktiboan egindako aldaketa oro. Eredu ekonomikoak etengabe aldatze horrek lurraldeari eragiten dio zuzenean. Hala, industria astunaren itzala baztertu egin zen eta gainbehera egin zuen; haien lekua enpresa-parkeek hartu zuten, merkatuaren premia berrietara egokitzeko, baina lurraldearen oso zati handia hartu zuten, gure metropolialdeetara hedatuta. Egitura produktiboaren integrazio-maila hirian oso txikia da egun, eta industria ondoko garapen gehienak etxebizitza-segida eta hirugarren sektoreko ekipamendu bilakatu dira, eta horiek oso gutxitan lortzen dute jarduera-interesgune gisa egituratzeko gai izango diren auzo konplexuak eratzea. Hiria berroneratzeko planetatik ekonomia produktiboa baztertzeak berekin ekarri du produkzio-zentroak hiritik alde egin eta periferian kokatzea, eta horrek, aldi berean, beste arazo batzuk eragin ditu, hala nola, garraio-arazoak, kutsadurakoak eta hartu-eman sozialen alorrekoak. Hortaz, hainbeste desiratutako hiri mistoa oso gutxitan da mistoa; habitataren eta lanerako espazioen arteko desoreka hautematen da, eta bereziki eragiten die egoera ahulenean dauden langileei.

Nolanahi ere, nola lor daiteke ekonomia-birmoldaketa berriaren bidez, hiri-identitate bat hartzeko aukera sortzea, eta hiri-egitura berregituratzea, hiria saretzea eta hori guztia biztanleen onerako izatea?

Kontua ez da garai bateko hirietako industria-kemena berreskuratzea, baizik eta jarduera produktiboak ageriko egitea eta txertatzea, jarduera horiek gure hiri-egituretako atal eraginkorrak izatea. Fabrikazioarekin, mantentze-lanekin, konponketa-lanekin eta birziklatzekoekin lotutako enpleguek hiri-bizitzaren parte izan behar dute, enplegu horiek gabe hiria osatugabe geratzen baita. Zer aukera daude halako hiri produktiboa sortzeko? Zer jarduera sustatu behar dira, aldaketa hori eragiteko?

Baliabide mugagabeak oinarri dituzten programen alde egin beharrean, erronka hurbilekoa berrasmatzean eta ekonomia zirkular eta alternatiboen aldeko apustua egitean datza, haien bidez oreka lortzeko bitartekoen eta helburuen artean, hiriaren eta paisaiaren artean, eta lurraldearen eta biztanleen artean. Egoera honek bultzada eragin behar du tokiko ekonomiak hobetzea lortzeko, belaunaldi berriko teknologia-industriak txertatzeko eta lehendik daudenak 4.0 iraultzak markatutako helburu berrietara egokitzeko. Hau da helburua: ondo saretutako egitura produktiboa eta lurraldean sustraitua sortzea, hazi eta berrasmatu ahal izango dena hiri erresiliente eta moldagarri baten esparruan, ez hiri hedakor batean.

Problematikari buruzko ikuspegi zabalagoa edukitzeak aukera ematen du hainbat eskalatako espazioak lehenera ekartzeko: bai komunitate txikiak, beren elementu publiko eta pribatuak dituztela, zenbaitetan muga oso lausoa dutela, bai eta egitura zabalak ere, sektore edo barruti bat osorik hartzen dituztela. Edozelan ere, produkzio-eredu berrien ondorioz sortutako egoera hirien itzalean islatu da, hiriek ezinbestean abiarazi izan behar baitituzte beste estrategia batzuk eta lehendik zituzten egiturak egokitu egin behar izan baitituzte, baina horiek guztiak nekez dira bideragarriak benetako eraldaketarik gabe. Nahitaezko iraultza horrek eragina izan du, besteak beste, lana maila partikularrean ulertzeko moduan. Etxetik kanpo garatutako lan-eredu tradizionala aldatu egin da, eta etxebizitzak beste funtzio bat betetzen du; bizitza pertsonala eta lan-bizitza bere baitan hartzen duen eremu malgua da. Nola eragiten du etxebizitzak duen ezaugarri berri horrek bere ingurune hurbilenean? Zer sinergia-mota sor daitezke tipologia berri horien bidez?

Gure ingurune hurbilenera itzulita, begi-bistan da produkzioaren eta etxebizitzaren arteko loturak gure mendiak eta itsasertzak zeharkatu izan dituela. Hau da, burdinolak, errotak eta baserriak aurrekari interesgarri ditugu, erakutsi baitute hibridazioa oso aukera eraginkorra dela, ingurune naturala hobeto zaintzen dela eta hiri handietatik kanpo bizitzea posible dela. Landa-etxebizitzen eredu tradizionaletatik zer ikas dezakegu? Produkzio-eredu berrien bidez nola lor daiteke landa-eremuak eta bere ondarea lehenera ekartzea, berreskuratzea?

Garai berriek ezinbestean eskatzen dute beste bide batzuk aztertzea, mugak gainditzeko eta ondo kohesionatutako estrategien premia ulertzeko, lurraldeen baliabideak eta ahalmenak maximizatzeko, eta habitata eta produktibitatea elkarren aurkakoak izango ez dituzten paisaia konplexuak sortzeko.