Bizkaiko arkitektoek BIA sortu dute sektorea dinamizatzeko

Bizkaiko arkitektoek BIA sortu dute sektorea dinamizatzeko
  • Sigla horiekin ezagutzen da “Bilbao Bizkaia Architecture” delako plataforma, hainbat jardueraren inguruko gogoeta eta sustapena egin eta hiritarrak inplikatzea xede duena
  • Bizkaiko arkitektura sustatu eta ezagutzera ematea da Bilboko Udalak eta Bizkaiko ForuAldundiak babestutako ekimen honen helburua
  • Lehenengo jarduera garrantzitsua, irailean antolatuko den “Urban Regeneration Forum” delakoa izango da, eta horren barruan, nazioarteko 300 aditu bildu eta bi urtez behin antolatuko den biltzarra egingo da
  • Foroaren aurkezpen gisa, “Hiri bizirantz/Towards living cities/Hacia una ciudad sana” izenburuko manifestua landu da, berdintasunezko hiri-eredu habitagarri, erakargarri eta oparo baten alde
  • Lehenengo BIA FORUM honetan, “arkitekturak, adierarik orokorrenean, garapen iraunkorrean lagundu eta komunitatea aberasteko moduko balio erantsi ekonomiko eta kulturala sortzen duela” aldarrikatuko da

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak lurralde historiko honetako arkitektura eta hirigintza dinamizatzea eta lanbidearen erronkei nazioartekotzea, trukea eta hiritarren partaidetza bezalako kontzeptuetatik aurre egitea proposatzen duen ekimena aurkeztu du gaur goizean. BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) “Hiri bizirantz/Towards living cities/Hacia una ciudad sana” delako manifestuaz aurkeztu da Bilbon, Bizkaia Aretoan.

Gogoetarako esparrua izateaz gain, BIAk era askotako jarduerak sustatuko ditu. Horietako lehena irailean izango da, “Urban Regeneration Forum” delakoaren barruan: astebetez nazioarteko 300 aditu inguru bilduko dituen izen bereko biltzarra, azoka profesional batez osatutakoa. Bi urtez behin antolatuko da, eta lehenengo edizioa Bilbon egingo da, hiria abangoardiako arkitektura eta hirigintzari buruzko eztabaidarako erreferentzia bihurtuz.

Lehenengo edizio honetan, “Urban Regeneration Forum”ek hiri bizi, habitagarri, erakargarri eta oparoa lortzeko moduari erreparatuko dio, hirigintza, arkitektura eta jasangarritasuna zeharkako diziplinatzat hartuz. Hiri adimendunak, oinezko esparru bihurtzeko modukoak, energetikoki irankorrak direnak, azken batean hiri gizatiarrak aztergai izango dira hiri-birsorkuntzan espezializatutako mundu osoko adituen eskutik, hiri hobeak egiteko moduei buruz gogoeta egiteko asmoz.

Batzorde Zientifikoa eta Saria

Biltzarreko batzorde zientifikoa ospe akademiko handiko adituek osatuko dute, Arkitekturako doktoreak tarteko direla, irakaskuntzan dihardutenak nahiz Euskadiko edo Estatuko enpresa eta erakunde desberdinetako goi mailako arduradunak. Halaber, geografia, ingeniaritza eta soziologia arloetako adituak egongo dira. “Urban Regeneration Forum”ean nazioarteko arkitekturako izen handiek ere parte hartuko dute. Foroan bildutako ekimenen artean, BIAk –sektoreko enpresa handien nahiz estudio txiki eta profesional independenteen balio esportagarri handiko esperientzia batuz– biurteko saria ezarriko du, arkitekturaz eta hiri-birsorkuntzaz Bizkaiko gizartearen garapenean lagundu duen arkitekturako izen handiak aldarrikatzeko, eta horrekin batera, hiritarren parte-hartzea bultzatuko du erakusketen bidez eta lurraldeko hirigintza-ondareari balioa emateko beste jarduera batzuen bitartez.

Esperientziak biltzea, bertako arkitekturaren izen handiak nazioartean sustatzea, Bizkaian diziplina honekin zerikusia duten eragile guztien arteko loturak eta sinergiak sortzea eta gogoeta eta eztabaidarako foro irekia sortzea dira plataforma berritzaile honen helburuetako batzuk. Laburbilduz, arkitekturaren protagonismo soziala bultzatu eta horko profesionalak diziplinaren eragile nagusitzat aldarrikatu nahi dira. BIA, Bilbao Ría 2000 sozietateak 1993an, Arte Ederren Museoan “Bilborako Arkitekturak” deritzon topaketa antolatu eta bi hamarkada geroago sortu da. Norman Foster, Frank O. Gehry, César Pelli, Roberto Ercilla eta Miguel Ángel Campo bezalako egileek beren proiektuak zehaztu eta azaldu zituzten, eta proiektu horien gauzatzeak Bizkaiko hiriburua kalitateko arkitektura eta hiri-eraberritzearen sinonimotzat ezagutarazi du nazioartean. Orain, 93an ereindako hazi haien fruituak jaso eta balantzea egiteko unea da.

Joan den udazkenean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzak bertako profesionalen erakusleihoa izango den plataforma baten sorkuntza bultzatu zuen. Proiektuaren filosofiaren arabera, Bilbo eta Bizkaiko eraldaketa eta espiritu ekintzailea –hauen nazioarteko dimentsioa barne– eraikuntzako sektore estrategikoarekin lotu nahi dira, sektorearen bertako zerbitzu profesionalen enpresa-ehunak (arkitektura-bulegoak, teknologia-zentroak, ingeniaritza-enpresak, eraikuntzako materialen enpresak, etab.) eskaintzen duen kalitate gorena erakutsiz.

 

Manifestuaren edukia

Gaurko agerraldian, EHAEOaren Bizkaiko Ordezkaritzak lehen BIA FORUM honen lan-ildoak zehazten dituen Manifestua plazaratu du. Testuak “hiri bizia” delako kontzeptua aldarrikatzen du, “hiria esparru orekatua eta egitura irekia –berdintasuna helburutzat eta aniztasuna nortasun kolektiboa eraikitzeko tresnatzat hartuz– bihurtzen duten osagai osasungarriei erreparatuz”. Adierazpenak “hiri europarra negozio finantzario bihurtu duen hazkunde amaigabeko hirigintza espekulatiboa” salatu eta “sostengaezina” dela ziurtastu du.
“Aro postindustrialetik iritsi zaigun hirigintza-eredu” horren ordez, lehenengo BIA FORUM honek “hirigintzaren neurria baliabide erabilgarrietara egokitu, malgutasuna sustatu eta esparru publikoari protagonismo nagusia ematen dioten proposamenak” defendatzen ditu, “harreman sozialak aberastu eta bizi-taupada, sormena eta ekonomia dinamizatzen lagun dezaketen loturak sortzeko” asmoz”.
Horrekin batera, “arkitekturak, adierarik zabalenean, garapen iraunkorrean lagundu eta komunitatea aberasteko moduko balio erantsi ekonomiko eta kulturala sortzeko duen moduari” arreta egitea eta “administrazio, inbertsiogile, enpresa, profesional eta hiritarren arteko adostasun-gune bat” sortzea proposatzen du. Bizkaiko arkitektoen iritziz, telekomunikazioen eta aurrerapen teknologikoaren kudeaketa egokiak “aukera handiak” ekar ditzake “hiriaren kudeaketa eta birsorkuntzarekin zerikusia duen espektro zabal batentzat: eraginkortasun-bideak, hiriaren eraikuntzan, kudeaketan eta mantentze-lanetan baliabideak aurreztu eta aztarna ekologikoa murriztea”.
Azkenik, manifestuak Bilbon mamitutako eraldaketa-prozesua (industria-hiritik kultura eta zerbitzuetako hirira) gogoratu du, bai eta Bizkaian azpiegitura-sare modernoa kontsolidatu eta lurraldearen izaera landatarrari eta natur baliabideei eusteko egindako aldibereko ahalegina ere, “lurraldearen iraunkortasunaren hobekuntzarako giltzarrizkoa den oreka-harremana” bermatzen duena. Eraldatutako hiria/babestutako lurraldea delako binomio hau da, manifestuak dioenez, “hiri biziranzko eztabaida egiteko aukeratu den eszenatokia”.

Manifesto deskargatu