Biltzarraren egitaraua

BIA Urban Regeneration Forum / Bilbao 2016

Uraren inguruko eszenario berriak

BIA Urban Regeneration Forum Programa/ Bilbo 2016
BIA Urban Regeneration Forumaren bigarren edizioak hiriko uraren inguruko eszenarioak ditu aztergai. Gure hirietan gertatzen ari diren eraldaketa nagusietako bat uraren fronteen inguruan itxuratzen ari da.
Jarduera industrialak eta portuko azpiegitura edo erabilerek kokagune estrategikoetan orain arte okupatzen zuten lurzorua aske uzteak, horien balio-bizitza bukatu egin delako, ikuspegi berriak eskaini ditu hiriko biziberritzerako. Eremu horiek zabalak eta konplexuak izaten dira maiz, eta bertan gatazkak sortu ohi dira sarritan; horregatik, haien eraldaketa-prozesuek hamarkada batzuez iraun dezakete, eta horien inguruan erronka mardulak sortzen dira hiriko biziberritzerako, hiriko erdigunean bertan kokatutako eremu horietan: instalazioen balio-bizitzatik harago luzatzen diren okupazio-zortasunak, sarritan toxikoak diren hondakin industrialen presentzia, eta industria edo porturako lurzoru alternatiboen beharra; horrek guztiak, gainera, oso inbertsio handiak eskatzen ditu.
Aurreko edizioaren bidetik jarraituz, planteatzen dugun galdera da zer rol jokatzen duten ur-fronte horiek hiriko naturalizazioan. Ohikoa da hiriko waterfrontak urari artifizialki irabazitako lurrak izatea? Eremu horiek berreskuratzean, berezkotzat jotzen dugu haien okupazioa areagotzea. Zein dira horren alternatibak? Izaera naturala berreskuratu ote daiteke, urbanizatutakoa atzera eramanez? Zer abantaila ekar ditzake horrek ingurumenaren kalitaterako eta uholdeen aurreko segurtasunerako?
BIA2k aztertu nahi du nola heldu behar zaien eraldaketa horiei; halaber, eztabaidaren bidez eta beste esperientzia batzuk azaltzearen bitartez, kontrastatu nahi du zein diren arrakastaren gakoak gure hirietan oraindik ere gainditu gabe dauden erronketarako. Zer berrikuntza-osagai txertatu behar dira? Uztailaren 13, 14 eta 15ean Bilbon egingo den edizio honetan, jarraian aurkezten dugun jarduera programa baten bidez jorratu nahi ditugu gai horiek:

Batzarraren aurreko jardunaldia / Bordele_Bilbo
Batzarraren aurreko ekitaldi gisa, Bordele eta Bilboko esperientziaren eta bertan irekitako eszenario berrien inguruko hausnarketa eta eztabaidarako jardunaldi bat egingo da.

Waterfrontaren biziberritzearen ikuspuntutik, Bordele hiria gai izan da portu-hiri erlazioaren testuinguru sozioekonomiko berria bereganatzeko, baina ez Garonara hurbiltzeko eta ibai hori bere egiteko soilik, baizik eta baita ibai-fatxada berreskuratzeko eta hiri-eraldaketarako prozesu bat sortzeko ere. Bilboko eta Bordeleko hiri-biziberritze prozesuak oso antzekoak dira, zeren biek hiri-waterfronta biziberritzearen alde egin baitute irmotasunez; gisa berean, haien euskarri fisikoa era aski antzekoa da, bi metropoliek hirietako bi ertzak banatu eta elkartzen dituen ibai-ardatz bat baitute. Horregatik, Bordele hiria da aukerarik onena Bilborako balio duen hirigintza-paralelismo bat aurkitzeko.

Ekitaldia uztailaren 13ko arratsaldean egingo da, Iberdrola Dorreko ekitaldi aretoan, bi hirietako ordezkarien parte-hartzearekin, alegia, ura protagonistatzat hartzen duten jarduera horietan esperientzia duten ordezkari ospetsuen parte-hartzearekin.

Ekitaldiaren eguna eta lekua: uztailaren 13a, Iberdrola Dorreko Ekitaldi Aretoa.

Batzarra
Batzar zientifiko bat egingo da, gai hau jorratzeko: uraren inguruko eszenario berriak. Ekitaldi hori uztailaren 14 eta 15ean izango da, Bizkaia Aretoan eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko egoitzan. Batzarraren programaren baitan, alor horretan izen handia duten adituen klase magistralak sartuko dira, eta baita Batzorde Zientifikoak aukeratutako autoreen komunikazioak ere. Halaber, denbora egongo da aipatutako gaiak eztabaidatzeko eta horien inguruko mahai-inguruak egiteko.

Ekitaldiaren egunak eta lekuak: uztailaren 14a eta 15a, Bizkaia Aretoa eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko egoitza.

BIA SARIA banatzeko gala
BIA saria banatzeko Gala bat egingo da Iberdrola Dorrean; kasu honetan, saria bikoitza izango da:
Alde batetik, Bilboko eraldaketan –itsasadarrarekin zerikusia duten esparruak azpimarratuz- jarduen duen ospe handiko arkitekto bat sarituko da.

Bestetik, beste sari bat emango zaio hiri-biziberritzearen alorreko jardunbide egokien eredu gisa -batzarraren gai-eremuaren baitan- har daitekeen hiri bati.

Ekitaldiaren eguna eta lekua: uztailaren 15a, Iberdrola Dorrea.

Arkitektura eta Hirigintza Erakusketa
Arkitektura eta hirigintza erakusketa bat egingo da, Metro Bilbaoren Bilboko Zabalguneko eta Alde Zaharreko geltokietan. Erakusketaren gaia izango da Bilboko itsasadarraren eremuan azken hiru hamarkadetan, arkitektura eta hiri-garapenaren alorrean, egin diren proposamenak berreskuratzea. Erakusketa hori ibiltaria izango da hurrengo hilabeteetan, lurraldearen beste kokagune interesgarri batzuetara eramango baita.

Ekitaldiaren eguna eta lekua: 2016ko azken hiruhilekoa (zehazteko), Metro Bilbaoko Geltokiak.

BIA ESPARRUA
Zorrotzaurren kokatutako Papelera eraikina egokituko da BIA Urban Regeneration Forumarekin zerikusia duten jardueren zentro gisa, ekitaldia egiten den egunetan; halaber, esparru efimero eta aisialdirako esparru gisa egokituko da herritarrek bisitatu eta berriz deskubritu dezaten. Beste jarduera batzuen artean, Arkitektura Ikasle eta Arkitekto Gazteentzako Nazioarteko Ideia Lehiaketan aukeratutako proposamenak erakutsiko dira bertan, eta Workshopa ere garatuko da.

Ekitaldiaren eguna eta lekua: Uztailaren 5etik 15era, BIA Esparrua_ Papelera Eraikina.

Arkitektura Ibilbideak
Ibilbide gidatuak programatuko dira, bai itsasadarra eta bai beraren eraldaketa eta hiriko eraldaketa landu duten operazioak ardatz nagusitzat hartuta. Ibilbideak itsasontziz egingo dira, Abandoibarra eta Abraren artean, ibilbidearen alderdi esanguratsuenak azalduko dituen gida espezializatu batekin.

Ekitaldiaren egunak eta lekua: Uztailaren 11tik 15era, Bilboko Itsasadarra.

Workshop
Arkitekturako azken mailetako ikasleei eta lizentziatu berriei zuzendutako Workshop bat egingo da, dagokion aitortza akademikoarekin. Lana Bilboko itsasadarrarekin lotutako eremu baten ingurukoa izango da.

Ekitaldiaren egunak eta lekua: uztailaren 5etik 13ra, BIA Esparrua_ Papelera Eraikina.

Arkitektura Ikasle eta Arkitekto Gazteentzako Nazioarteko Ideia Lehiaketa
Arkitektura Ikasle eta Arkitekto Gazteentzako Nazioarteko Ideia Lehiaketaren bigarren ediziorako deialdia egiten da, hiri finkatuaren eraberritzea eta eraldaketa sustatzeko xedez. Ideia Lehiaketaren gaia da Bilboko Elorrieta erriberan, metroko bideen eta Bilboko itsasadarraren artean, kokatutako eremuaren hiri-antolamendua eta espazio publiko horren diseinua. Izendatutako epaimahaiak aukeratzen dituen lanak jendaurrean erakutsiko dira uztailaren lehenengo hamabostaldian, BIA Esparrua_ Papelera Eraikinean.

Lehiaketaren Garapena: 2016ko Maiatza-Ekaina.

Haur-tailerrak
Haurrentzako esparru berezi bat sortuko da jardueren programaren baitan, adin desberdineko haurrentzako tailerrak egiteko. Jarduera hau BIA Esparrua_Papelera Eraikinean egingo da, eta bertan sortzen den materiala jendaurrean erakutsiko da esparru horretan bertan.

Ekitaldiaren egunak eta lekua: Uztailaren 8tik 10era, BIA Esparrua_ Papelera Eraikina.