BIA

BIA Bilbao Bizkaia Architecture, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzaren barruan Bizkaiko arkitektura sustatu eta ezagutzera emateko sortutako plataforma da. Sektoreko enpresa handien nahiz estudio txiki eta profesional independenteen esperientzia batu du, balio esportagarri handikoa. Bere sustatzaileak nazioartekotzean interesatuta daude, lanbidearen garapen globalizatuan parte hartzen dute eta trukearen aldeko apustuari eusten diote

Helburuak

BIA honetarako sortu da:

  • Esperientziak biltzeko.
  • Bizkaiko arkitekturaren izen handiak nazioartean sustatzeko.
  • Bizkaiko arkitekturarekin zerikusia duten eragile guztien artean loturak eta sinergiak sortzeko.
  • Gogoeta eta eztabaida eraikitzailea bultzatuko dituen foro ireki bat sortzeko.
  • Era askotako ekintzak antolatu eta bultzatzeko.
  • Arkitektura erabateko protagonistatzat jaso eta arkitektoak hori gauzatzen duten eragile nagusitzat aldarrikatzeko.

Non eta nola sortu da BIA?

Bilbon abangoardiak markatu du historia hiria sortu zenez geroztik. Gaur gaurkoz, “Bilbo” kalitateko arkitektura eta hiri-eraberritzearen sinonimoa da. Aldi berean, arkitekturaren esparruan lan egiten duten Bilboko eta Bizkaiko profesionalak gaitasun berriak hartzen ari dira, eta ezagutzaren sorkuntza gero eta handiagoa da.

2013an, 20 urte bete ziren Bilbao Ría 2000 sozietateak Arte Ederren Museoan “Bilborako Arkitekturak” interes handiko topaketa antolatu zuela, 1993an. Norman Foster, Frank O. Gehry, César Pelli, Roberto Ercilla eta Miguel Ángel Camporen kategoriako arkitektoek beren proiektuak zehaztu eta azaldu zituzten. Ondorioz, egokia dirudi, ia mende laurden geroago, 93an ereindako hazi haien fruituak jasoko dituen ekitaldi bat antolatzeak.

Bilbo eta Bizkaiko eraldaketa eta espiritu ekintzailea, hauen nazioarteko dimentsioa barne, eraikuntzako sektore estrategikoarekin lotzea proposatzen dugu, sektore honetako Bizkaiko zerbitzu profesionalen inguruko enpresa-ehunaren (arkitektura-bulegoak, teknologia-zentroak, ingeniaritza-enpresak, eraikuntzako materialen enpresak, etab.) kalitate gorena aldarrikatuz.

Joan den udazkenean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzak bertako arkitekturaren erakusleihoa izango zen plataforma baten sorkuntza erraztu zuen. Hilabete batzuk lehenago, Ordezkaritzako Kultur Batzordearen barruan eratutako lantalde batek proiektu honen betebeharrei buruzko irizpideak zehaztu zituen.