BIA-k arkitektura ardatz duten publiko guztientzako kultur jarduerak antolatuko ditu Bilbon irailean

BIA-k arkitektura ardatz duten publiko guztientzako kultur jarduerak antolatuko ditu Bilbon irailean

Erakusketak, zinema-saioak, lehiaketak, haurrentzako tailerrak eta bisita gidatuak antolatuko dira irailaren 4tik 28ra bitartean, Bizkaiko arkitektura eta hirigintza dinamizatzea xede duen BIA plataformaren lehen BIA Urban Regeneration Forum-aren barruan   Kultur egitaraua abian jartzeko, ostegunean, hilak 4, aurreikusitako hiru erakusketetako lehena inauguratuko da, Gerra Zibilaren ondoren Mexikon babestuta bizi izan zen Imanol Ordorika Bengoetxea arkitekto lekeitiarraren omenezkoa   Naxako geltoki zaharra jendearentzat irekiko da hilaren 15ean behin-behineko egokitzapen bati esker, eta bertan, tailer teknikoak eta Arkitektura Gaztearen Nazioarteko Lehiaketako proiektu finalisten erakusketa antolatzeaz gain, hiria zeharkatuko duten bisita gidatuen abiapuntua kokatuko da   Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzak Ordorikaren erakusketa, zine-ziklo bat eta haurrentzako tailerrak eskainiko ditu, eta Metro Bilbaok Bizkaiko arkitekturari eskainitako erakusketa bat jarriko du ikusgai zenbait geltokitan hilaren 8tik aurrera   Bizkaian arkitektura eta hirigintza dinamizatzea xede duen BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) plataformak publiko guztiei irekitako kultur jarduerak eskainiko ditu irailean, arkitektura herritarrei hurbiltzeko asmoz. Jarduera hauek guztiak, irailaren 4tik 28ra bitartean Bizkaiko hiriburuan egingo den lehen BIA Urban Regeneration Forum-aren haritik antolatu dira. Foroak 300 arkitekto, hirigile eta ingeniari baino gehiago elkartu eta Norman Foster izango du gonbidatu berezia, baita lehen BIA sariaren irabazlea ere, urtetako ibilbide profesional oparoagatik. Programa osatzeko, denetariko ekitaldiak antolatuko dira: bisita gidatuak hirian zehar, zine-ziklo bat, lehiaketak, haurrentzako tailerrak, erakusketak… eta Naxako geltoki zaharra behin-behinekoz berreskuratuko da Bilboko bizilagun eta bisitari guztien gozamenerako.   Naxako geltokia, gune nagusia Horrela, txosten teknikoen eszenatoki bihurtuko diren Iberdrola Dorrearekin eta Euskalduna Jauregiarekin batera, Foroak egundo ez bezalako egoitza izango du: Naxako geltokia. Bilboko eraikin berezi honi aspaldiko distira itzuli dion barruko esparruaren “egokitzapen iragankor” bati esker, hamabost egunez, geltoki zaharra jendearentzat...