Norman Fosterrek esan du I. BIA Saria jasotzeko ekitaldian, “harro dagoela Bilbon fosteritoak hain ikur estimatuak bihurtu izanaz”

Norman Fosterrek esan du I. BIA Saria jasotzeko ekitaldian, “harro dagoela Bilbon fosteritoak hain ikur estimatuak bihurtu izanaz”
  • Metroaren proiektua oso esperientzia atsegingarria izan zen alde guztietatik, eta horretan parte hartu izana erabateko ohorea izan da niretzat”, esan du, Bizkaiko arkitektoek gaur gauean, Guggenheim Museoan, BIA Urban Regeneration Forum-aren amaieran egin dioten omenaldian
  •  

  • Fosterrek metroa bisitatu du gaur arratsaldean, eta bere sinadura utzi du Moyuako geltokian
  •  

  • Golardo honen bidez, arkitekto ingelesak Bilboren hiri-birsorkuntzari egindako ekarpena aldarrikatu nahi izan da
  •  

  • BIA Saria emateko ekitaldiak amaiera bikaina eman dio kultur jardueraz betetako hilabeteari, baina programatutako ekintzen barruan, Naxako geltokian egindako “behin-behineko egokitzapenaz” goza daiteke oraindik, baita erakusketez, eraikin bereizgarrietarako bisitez eta haurrentzako tailerrez ere

 

Norman Fosterrek Bizkaiko arkitektoek emandako BIA Saria jaso du gaur Bilbon, eta ekitaldian harro eta pozik azaldu da hiriaren birsorkuntzari egindako ekarpenaz eta bere lanak Hiriaren ikono gisa hartu duen garrantziaz.

 

Saria Guggenhein Museoan jaso du Fosterrek, eta bertan bildutakoen aurrean egindako agerraldian hauxe nabarmendu du: “Bilboko Metroaren proiektua oso esperientzia atsegingarria izan zen alde guztietatik. Hiriaren birsorkuntza Bilboko jendearen optimismoaren adierazpenik ukigarriena da. Hiriaren etorkizunaren alde apustu egitea defendatzen zuen inspirazioz betetako ikuspegiak proiektuan parte hartzeko aukera eman zidan, erabateko ohorea niretzat. Metroa egiteko arkitektoaren aukeraketarako nazioarteko lehiaketa bat deitu izanak ezin hobeto islatzen ditu, hirian gauzatutako azken hamarkadetako proiektuei dagozkien irekitasuna eta mundu mailako kalitatearen aldeko apustua. Oso harro nago, ‘fosteritoak’ harez geroztik Bilbon hain ikur estimatuak bihurtu izanaz, eta ohore handia da niretzat lehen BIA sari hau jasotzea”.

 

Bere omenezko ekitaldira joan aurretik, Ingalaterrako arkitekto ospetsuak bisitaldi laburra egin dio, bere diseinuen arabera eraiki eta 1988an inauguratutako metroari. Zehazkiago esanda, Fosterrek Bilboko erdialdean dagoen Moyuako geltokia bisitatu du, eta ikustaldiaren amaieran, hormigoizko horma batean sinatu du. Sinadura hori bisitaren behin-betiko oroigarri gisa gordeko da, metakrilatozko plaka batez babestuta.

 

Jarraian, Sir Norman Foster Guggenheim Museora abiatu da. Hallean haren omenezko aurresku bat dantzatu da, eta ondoren, BIA Saria emateko ekitaldia egin da museoko atrioan, 200 pertsona ingururen aurrean. Omendutakoaz gain, bertan izan dira, besteak beste, Jesus Cañada, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzako presidentea; Ibon Areso, Bilboko alkatea; Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua; Itziar Garamendi, Herri Lanetako foru diputatua; Jordi Ludevid, CSCAEko presidentea; Matxalen Acasuso, EHAEOko dekanoa; Ibai Gandiaga, BIAko idazkari nagusia; Nerea Alonso, BIAko idazkari ekonomikoa, eta Olaia Ziarrusta, BIAko komunikazio-idazkaria.

 

Saria emateko ekitaldia sentimendu eta hunkipen berezikoa izan da, izan ere, Fosterrek jaso duen BIA Sariaren oroigarriaz gain, Jose Luis Canal piano-jotzaile eta musikagile bilbotarrak ekitaldi honetarako propio konposatu duen doinua entzuteko aukera ere izan baita. “Foster Rhapsody” delakoa egileak berak jo du pianoan, eta emanaldiaren ondoren, partitura oparitu dio omendutakoari.

 

Saritutakoa nazioarteko arkitekto garaikiderik ospetsuenetakoa da. Fosterren (Manchester, 1935) lanak era askotako sariak lortu ditu, hala nola, 1990eko Mies van der Rohe Arkitektura Garaikideko Saria, American Institute of Architects (AIA) delakoaren 1994ko urrezko domina, 1999ko Pritzker Saria eta 2009ko Arteen Asturiasko Printzea Saria. Manchesterreko Unibertsitatean arkitektura ikasketak hasi eta Yaleko Unibertsitateak osatu zituen. Ingalaterrara itzulita, Team 4 arkitektura-estudioa sortu zuen 1964an. Hiru urte beranduago, 1967an, Foster Associates eratu zuen, non Richard Buckminster Fuller arkitektoarekin kolaboratzen zuen. Arkitektura-estudioa gaur egun Foster + Partners izenarekin ezagutzen da.

 

Euskadin, Metro Bilbaoko geltokien diseinu bitxiagatik ezagutzen den arren, Estatu espainiarrean ere Fosterren lanak ikus daitezke, hala nola, Madrilgo Bankia Dorrea, Valentziako Kongresu Jauregia eta Gaztela eta Leongo Portia Upategiak. Nazioartean, hauexek dira Fosterren lanik ezagunenetako batzuk: Londresen, Britainiar Museoaren eta Wembley Estadioaren eraberritzeak, Standsted-eko aireportuko terminal berria, Milurtekoaren Zubia, “Gherkin”a eta Udaletxea; Alemanian, Berlingo Reichstagen eraikinaren eraberritzea eta Frankfurteko Commerzbank Dorrea; eta EEBBetan, New York-eko Hearst Dorrea, Omaha-ko (Nebraska) Joslyn Museoaren handitzea eta Bostoneko Arte Plastikoen Museoa. Horiez gain, Hong Kongeko Hongkong Bank eraikina eta Beijineko Nazioarteko Aireportua gisako eraikin apartak diseinatu ditu.

 

Asteburuko jarduerak

Fosterri BIA Saria emateko ekitaldiaz, amaiera ezin hobea emango dio kultur jardueraz betetako hilabeteari. Programa honen barruan, Naxako geltoki zaharrean egindako “behin-behiko egokitzapena” ikus daiteke oraindik, IGANDERA ARTE. Gainera, BIHAR, LARUNBATA, BISITA TEKNIKOEK Bilboko hirigintza modernoko eraiki bereizgarrienetako bi ezagutzeko aukera eskainiko dute: Naturgasen egoitza berria (IMB Arquitectos-eko Gloria Iriarte, Eduardo Múgica eta Agustín de la Brena arkitektoena) eta IMQ Zorrotzaurre klinika, Carlos Ferrater, Luis Domínguez eta Alfonso Casaresena.

 

Horrez gain, Bizkaiko arkitekturaren azken hamarkadako giltzarrizko lanen erakusketa bisita daiteke (Metro Bilbaoren Casco Viejo, Abando, Moyua, Indautxu eta San Mameseko geltokietan), baita Imanol Ordorika Bengoetxearen omenezkoa ere, EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzan.

 

EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzan bertan, bihar, larunbata, 11:00etan, Luis Fernández-Galianok, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Eskolako irakasle eta AV/Arquitectura Viva aldizkariaren argitaratzaileak jendaurreko hitzaldi batez aurkeztuko ditu biltzarrean bildutako ondorioak. Bitartean, etxeko txikienek, Ordezkaritzak bihar eta igandean arkitekturarekiko interesa eta jakinmina pizteko antolatuko dituen haurrentzako tailerrez gozatzeko aukera izango dute. 10:30etatik 12:30etara bitartean, 3 eta 9 urte tarteko neska-mutilek beren auzoak diseinatzeko aukera izango dute ipuinetan inspiratutako jolas desberdinen bitartez. Parte-hartzea doakoa da, baina derrigorrezkoa da aldez aurretik 946 077 461 telefonoan izena ematea.

 

BIA-RI BURUZ

Joan den udazkenean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak bere profesionalen erakusleiho izango den plataforma baten sorrera bultzatu zuen. Hauxe da proiektuaren filosofia: Bilbo eta Bizkaiko eraldaketa eta espiritu ekintzailea eta horrek daukan nazioarteko dimentsioa eraikuntzako sektore estrategikoarekin uztartzea, horri atxikitako zerbitzu profesionalen bertako enpresa-ehunaren kalitatea azalduz. Ideia hau, lanbidearen erronkei nazioartekotzea, trukea eta herritarren partaidetza bezalako kontzeptuetatik aurre egitearen alde apustu eginez abiarazi da.