Izen handiko 300 arkitekto eta hirigile baino gehiago elkartuko dira Bilbon bihartik aurrera BIA Urban Regeneration Forumean

Izen handiko 300 arkitekto eta hirigile baino gehiago elkartuko dira Bilbon bihartik aurrera BIA Urban Regeneration Forumean
  • Carlos Ferrater-ek, Adriaan Geuzek eta Umberto Napolitanok, besteak beste, etorkizuneko hiriek nolakoak izan behar duten argitzeko eztabaidan parte hartuko dute
  •  

  • Mexiko da lehen Foro honetako herrialde gonbidatua, eta horri buruzko jardunaldia egingo da topaketa abian jartzeko
  •  

  • Bi eguneko topaketen ondoren, lehen BIA Saria Norman Fosterri emateko ekitaldiak amaiera bikaina emango dio Foroari

 

Bizkaiko lurralde historikoan arkitektura eta hirigintza dinamizatzea xede duen BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) plataformak 300 arkitekto, hirigile eta ingeniari baino gehiago bilduko ditu bihartik aurrera ‘Hiri bizirantz’ lemapean, hiri berrien erronkei buruz eztabaida egin dezaten. Nazioarteko adituen artean, lehen BIA Regeneration Forum honetan, Carlos Ferrater-ek (Iberdrola dorrearen azpiko etxebizitza-bloke baten eta IMQ Zorrotzaurre eraikinaren egilea); Adriaan Geuzek (Madrilgo Manzanares ibai bazterreko pasealekuaren birmoldaketa gauzatu duen West 8 taldeko kidea) eta Umberto Napolitanok (Champs Elysees-eko Grand Palais eraberritzeaz arduratu zen LAN Architecture taldekoa) parte hartuko dute. Topaketa Mexikori eskainitako jardunaldi batez hasi eta Norman Fosterri lehen BIA Saria emateko ekitaldiaz amaituko da ostiralean, hilak 26.

 

Bihar, asteazkenez, Iberdrola Dorrea Biltzarra irekitzeko ekitaldiaren eszenatoki bilakatuko da. Horrela, 16:30etatik aurrera, Mexikori zuzendutako topaketa bat egingo da, arkitektoen elkarteen ordezkariak, enpresak eta Mexikoko Administrazioa tarteko diotuen ordezkaritza zabal baten parte-hartzeaz. Bertan izango dira, besteak beste, Felipe Leal, Garcia Marquez Estudioa, Rossi Etxea eta Puma Denda bezalako proiektuen egilea, eta Fernanda Canales, Mexikoko Errepublikako Arkitektoen Elkargoen Federazioak ematen duen ibilbide onenarentzako saria eta Arkitekto Gazteentzako CAM SAM saria irabazi dituena. Profesional hauen presentziak arkitektura mexikarraren errealitatea bistaratzen eta garapen bidean dagoen herrialde harekiko lotura kultural eta enpresarial berriak zabaltzen lagunduko du. Mexiko eta Euskadiren arteko mahainguruan, SENERen Bilboko Dibisioko zuzendari Itziar Urrutia arkitektoak eta Bilbao Metropoli 30eko zuzendari nagusi Alfonso Martinez Cearra industria ingeniariak parte hartuko dute, bi herrialdeen errealitatea amankomunean jartzeko asmoz

 

Ostegunean, Euskalduna Jauregian, foroko lehen saioa egingo da, ‘Hiria: bigarren natura’ izenburupean. Ekitaldi honetan, Bilboko arkitektura-paisaia eraikian berezko lorratza utzi duen Carlos Ferrater-en (Bartzelona, 1944) presentzia nabarmendu behar da. Arkitekto kataluniarrak hiriaren erdialdean gauzatu dituen bi eskuhartzeak –Iberdrola Eraikinaren ondoko Bilbao Design etxebizitza-blokea eta IMQ Zorrotzaurre eraikina– kokatuta dauden hiri-eremuetako ikur bilakatu dira, eta hiriaren aurrealdea taxutzen dute itsasadarrean zehar, hauxe baita Bilboren kanpoko irudiari eusten dioten osagai garrantzitsuenetako bat. OAB izeneko bere arkitektura-estudioarekin batera, Tanger-eko (Maroko) itsas-pasealekuaren diseinuan dihardu gaur egun.

 

Haren ondoan izango dira Jose Angel Medina Murua, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako zuzendaria; Ana Sanchez-Ostiz, zentro bereko Arkitektura Eskolako Eraikuntza, Instalazio eta Egituren Saileko zuzendaria; Tatiana Bilbao, Parisen Arkitektura Jasangarriaren Global Sarietako bat jaso berri duen arkitekto mexikarra; Adriaan Geuze arkitekto holandarra, West 8 estudioaz Amsterdameko zenbait egoitza-auzo proiektatu dituena; Umberto Napolitano, LAN estudiokoa, Champs-Elysees-eko Grand Palais eraberritzeko lanen arduraduna; Lauren Etxepare eta Rufino Hernandez, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikokoko Proiektuen Saileko Zuzendaria eta Eraikuntzako irakaslea, hurrenez hurrez, eta Joseba Juaristi, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Giza Geografiako katedraduna.

 

Ostiralean, hilak 26, jardunaldiak proposamen berriak bilatuko ditu boom inmobiliarioaren ondorio politikoen aurrean. ‘Hiri alternatiboa’ izenburuko saio honetan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Politika-Zientzietako irakasle dabilen Joan Subirats Ekonomia-Zientzietako doktorearen parte-hartzea nabarmendu behar da. IGOP Gobernu eta Politika Publikoetako Unibertsitate-Institutua zuzendu ondoren, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak hiri-politiken gainean finantzatu dituen proiekturik garrantzitsuenetako bi zuzendu ditu: ‘Hiri politikak 2015eko eszenatokian: udal demokraziak 30 urte egin ondoren’ eta ‘Hiri-politika berriak esploratzen’.

 

Honekin batera azalduko dira Juan Jose Arrizabalaga, Arkitekturako doktorea etaDonostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Zuzendaria; Miguel Robles-Duran, hirigilea eta New Yorkeko New School Parsons-eko Hiri-Ekologien Programako zuzendaria; Miguel Jaenicke Fontao, SIC Estudiokoa eta VIC Herritar Ekimenen Haztegia delako plataformaren bultzatzaileetako bat; Carmen Espegel, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Proiektuetako irakasle titularra; Jon Joseba Leonardo, Deustuko Unibertsitateko Hiri-Soziologiako katedraduna; Igor Calzada, Oxford-eko Unibertsitateko Programme for Future Cities deritzoneko soziologo ikertzailea, etaMercè Cortina i Oriol, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Soziologia Saileko irakaslea.

 

Hitzaldiak eta txostenak larunbatean amaituko dira, hilak 27, AV/Arquitectura Viva aldizkariko zuzendari eta San Fernando Arte Ederren Errege Akademiako kide osoa den Luis Fernandez Galiano arkitekto eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Eskolako Proiektuetako katedradunak eskainiko duen hitzaldi ireki batez.

 

I BIA SARIA NORMAN FOSTERRI EMATEKO EKITALDIA

Hilaren 26ko jardunaldia amaitzeko, lehen Urban Regeneration Forum honetako unerik gogoangarriena iritsiko da: Norman Fosterri lehen BIA Saria emateko Guggenheim Museoan egingo den ekitaldia. Saritutakoa nazioarteko arkitekto garaikiderik ospetsuenetakoa da. Fosterren (Manchester, 1935) lanak era askotako sariak lortu ditu, hala nola, 1990eko Mies van der Rohe Arkitektura Garaikideko Saria, American Institute of Architects (AIA) delakoaren 1994ko urrezko domina, 1999ko Pritzker Saria eta 2009ko Arteen Asturiasko Printzea Saria. Manchesterreko Unibertsitatean arkitektura ikasketak hasi eta Yaleko Unibertsitateak osatu zituen. Ingalaterrara itzulita, Team 4 arkitektura-estudioa sortu zuen 1964an. Hiru urte beranduago, 1967an, Foster Associates eratu zuen, non Richard Buckminster Fuller arkitektoarekin kolaboratzen zuen. Arkitektura-estudioa gaur egun Foster + Partners izenarekin ezagutzen da.

 

Euskadin, Metro Bilbaoko geltokien diseinu bitxiagatik ezagutzen den arren, Estatu espainiarrean ere Fosterren lanak ikus daitezke, hala nola, Madrilgo Bankia Dorrea, Valentziako Kongresu Jauregia eta Gaztela eta Leongo Portia Upategiak. Nazioartean, hauexek dira Fosterren lanik ezagunenetako batzuk: Londresen, Britainiar Museoaren eta Wembley Estadioaren eraberritzeak, Standsted-eko aireportuko terminal berria, Milurtekoaren Zubia, “Gherkin”a eta Udaletxea; Alemanian, Berlingo Reichstagen eraikinaren eraberritzea eta Frankfurteko Commerzbank Dorrea; eta EEBBetan, New York-eko Hearst Dorrea, Omaha-ko (Nebraska) Joslyn Museoaren handitzea eta Bostoneko Arte Plastikoen Museoa. Horiez gain, Hong Kongeko Hongkong Bank eraikina eta Beijineko Nazioarteko Aireportua gisako eraikin apartak diseinatu ditu.

 

BIA-RI BURUZ

Joan den udazkenean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak bere profesionalen erakusleiho izango den plataforma baten sorrera bultzatu zuen. Hauxe da proiektuaren filosofia: Bilbo eta Bizkaiko eraldaketa eta espiritu ekintzailea eta horrek daukan nazioarteko dimentsioa eraikuntzako sektore estrategikoarekin uztartzea, horri atxikitako zerbitzu profesionalen bertako enpresa-ehunaren kalitatea azalduz. Ideia hau, lanbidearen erronkei nazioartekotzea, trukea eta herritarren partaidetza bezalako kontzeptuetatik aurre egitearen alde apustu eginez abiarazi da.