Bizkaiko arkitektoek BIA Saria emango diote gaur gauean Norman Fosterri

Bizkaiko arkitektoek BIA Saria emango diote gaur gauean Norman Fosterri
  • Golardo honen bidez, arkitekto ingelesak Bilboko hiri-birsorkuntzari egindako ekarpena aldarrikatu nahi da
  •  

  • Guggenheim Museoan antolatuko den BIA Saria emateko ekitaldiak amaiera ezin hobea emango dio kultur jardueraz betetako hilabeteari. Programa honen barruan, Naxako geltoki zaharrean egindako “behin-behiko egokitzapena” ikus daiteke oraindik, baita erakusketak, eraikin bereizgarrietarako bisitak eta haurrentzako tailerrak ere

 

BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) plataformak lehen BIA Saria emango dio GAUR GAUEAN Norman Fosterri, egunotan egin duen nazioarteko biltzarra ixteko. Arkitekto ingelesa Bilboko metroaren diseinuaz arduratu zen, eta hiriaren birsorkuntzari egindako ekarpen garrantzitsuagatik sarituko dute. Saria emateko ekitaldia 21:30etan hasiko da Guggenheim Bilbao Museoan.

 

Saritutakoa nazioarteko arkitekto garaikiderik ospetsuenetakoa da. Fosterren (Manchester, 1935) lanak era askotako sariak lortu ditu, hala nola, 1990eko Mies van der Rohe Arkitektura Garaikideko Saria, American Institute of Architects (AIA) delakoaren 1994ko urrezko domina, 1999ko Pritzker Saria eta 2009ko Arteen Asturiasko Printzea Saria. Manchesterreko Unibertsitatean arkitektura ikasketak hasi eta Yaleko Unibertsitateak osatu zituen. Ingalaterrara itzulita, Team 4 arkitektura-estudioa sortu zuen 1964an. Hiru urte beranduago, 1967an, Foster Associates eratu zuen, non Richard Buckminster Fuller arkitektoarekin kolaboratzen zuen. Arkitektura-estudioa gaur egun Foster + Partners izenarekin ezagutzen da.

 

Euskadin, Metro Bilbaoko geltokien diseinu bitxiagatik ezagutzen den arren, Estatu espainiarrean ere Fosterren lanak ikus daitezke, hala nola, Madrilgo Bankia Dorrea, Valentziako Kongresu Jauregia eta Gaztela eta Leongo Portia Upategiak. Nazioartean, hauexek dira Fosterren lanik ezagunenetako batzuk: Londresen, Britainiar Museoaren eta Wembley Estadioaren eraberritzeak, Standsted-eko aireportuko terminal berria, Milurtekoaren Zubia, “Gherkin”a eta Udaletxea; Alemanian, Berlingo Reichstagen eraikinaren eraberritzea eta Frankfurteko Commerzbank Dorrea; eta EEBBetan, New York-eko Hearst Dorrea, Omaha-ko (Nebraska) Joslyn Museoaren handitzea eta Bostoneko Arte Plastikoen Museoa. Horiez gain, Hong Kongeko Hongkong Bank eraikina eta Beijineko Nazioarteko Aireportua gisako eraikin apartak diseinatu ditu.

 

Asteburuko jarduerak

Fosterri BIA Saria emateko ekitaldiaz, amaiera ezin hobea emango dio kultur jardueraz betetako hilabeteari. Programa honen barruan, Naxako geltoki zaharrean egindako “behin-behiko egokitzapena” ikus daiteke oraindik, IGANDERA ARTE. Gainera, BIHAR, LARUNBATA, BISITA TEKNIKOEK Bilboko hirigintza modernoko eraiki bereizgarrienetako bi ezagutzeko aukera eskainiko dute: Naturgasen egoitza berria (IMB Arquitectos-eko Gloria Iriarte, Eduardo Múgica eta Agustín de la Brena arkitektoena) eta IMQ Zorrotzaurre klinika, Carlos Ferrater, Luis Domínguez eta Alfonso Casaresena.

 

Horrez gain, Bizkaiko arkitekturaren azken hamarkadako giltzarrizko lanen erakusketa bisita daiteke (Metro Bilbaoren Casco Viejo, Abando, Moyua, Indautxu eta San Mameseko geltokietan), baita Imanol Ordorika Bengoetxearen omenezkoa ere, EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzan.

 

EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzan bertan, bihar, larunbata, 12:30etan, Luis Fernández-Galianok, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Eskolako irakasle eta AV/Arquitectura Viva aldizkariaren argitaratzaileak jendaurreko hitzaldi batez aurkeztuko ditu biltzarrean bildutako ondorioak. Bitartean, etxeko txikienek, Ordezkaritzak bihar eta igandean arkitekturarekiko interesa eta jakinmina pizteko antolatuko dituen haurrentzako tailerrez gozatzeko aukera izango dute. 10:30etatik 12:30etara bitartean, 3 eta 9 urte tarteko neska-mutilek beren auzoak diseinatzeko aukera izango dute ipuinetan inspiratutako jolas desberdinen bitartez. Parte-hartzea doakoa da, baina derrigorrezkoa da aldez aurretik 946 077 461 telefonoan izena ematea.

 

BIA-RI BURUZ

Joan den udazkenean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak bere profesionalen erakusleiho izango den plataforma baten sorrera bultzatu zuen. Hauxe da proiektuaren filosofia: Bilbo eta Bizkaiko eraldaketa eta espiritu ekintzailea eta horrek daukan nazioarteko dimentsioa eraikuntzako sektore estrategikoarekin uztartzea, horri atxikitako zerbitzu profesionalen bertako enpresa-ehunaren kalitatea azalduz. Ideia hau, lanbidearen erronkei nazioartekotzea, trukea eta herritarren partaidetza bezalako kontzeptuetatik aurre egitearen alde apustu eginez abiarazi da.